Adimen Artifiziala, Busturialdeko enpresen lehiakortasunean giltzarri

Gernikako Lanbide Ekimenak Zentroak eta Eusko Jaurlaritzaren SPRI erakundeak antolatuta, enpresetan Adimen Artifiziala erabiltearen inguruko jardunaldia egin dabe, prozesuak errazteko eta bide barriak zabaltzeko tresna baliogarria dalako. SPRIko teknikarien argibideak entzuteaz gan, Adimen Artifiziala eguneroko lanean txertatu dauan enpresa bateko ordezkarien esperientzia ezagutu ahal izan dabe parte hartzaileek.

Gaur egungo gizartean pil-pilean dagoan gaia da Adimen Artifizialarena (AA), ahalmen handiko operazinoak egiteko modua emoten daualako, eta ikaragarri bizkor. Herritar askok erabilten ditue ChatGPT, DeepSeek eta halakoak, baina, aisialditik aparte, enpresen munduan be oraintsu arte pentsau ezin ziran funtzino ugari be eskaintzen ditu AAk. Kontua da ze, horreek ezagutu ezean eta norberaren negoziorako probetxugarriak diran urtenbideak topau ezean, atzean geratzeko arriskua be badagoala, egunetik egunera bizkorrago dabilen mundu honetan.

Hartara, Gernikako Lanbide Ekimenak Zentroak eskualdeko enpresentzako jardunaldia antolatu eban otsailaren 19an Kultur Etxean, AAren inguruko informazino teoriko eta praktikoa emoteko. Ekonomia eta industria sustatzeko erakunde autonomikoa dan SPRIgaz lankidetzan atondu eben egitaraua, eta Busturialdeko hamabost enpresa ingurutako ordezkariek emon eben izena.

Zerbitzuetako zein industriako enpresa txiki eta ertainak batu ziran, gehienbat bost behargin edo gehiago dituenak. Izan be, SPRIren Gaitasun Digitalak dobako programaren barri emon eben saioaren azken partean, bost langiletik gorako negozioentzat beren-beregi martxan jarritakoa.

Lanbide Ekimenak-eko autoenplegurako teknikari eta jardunaldiaren antolatzaile Joseba Irazabalek pozez hartu dau eskualdeko enpresek emondako erantzuna, Adimen Artifizialaren inguruan informazinoa zabaltzeko beharra egon dan seinale. “Hamabost enpresa inguruk ordezkariren bat bialdu izana zifra ona da, ze ikastaroa goizez izan zan eta gatxa izaten da era honetako gauzetarako lanordu batzuk libre izatea”.

Gaia ahalik eta ikuspegi zabalenetik landu ahal izateko, hiru zatitan banatu eben jardunaldia. Lehenengo partean Adimen Artifizialak emoten dituan aukerak eta etorkizunak dakarrenerako prest egoteak dauan garrantzia azpimarratu zituen SPRIko aditu bik, Andoni Uriartek eta Aitor Garagarzak, biak be eskarmentu luzedunak enpresen digitalizazinoan.

Joseba Irazabalen esanetan, sensibilizazinoa ezinbestekoa da, enpresek ondo jakin behar dabe AA egoki erabilteak lehiakortasunean dauen eragina. “Kontsultarako tresna bat izateaz aparte, AAk egunerokoan lagundu leike, prozesuak erraztuz eta eraginkortasuna handituz”. Transkripzinoak, itzulpenak, mezu elektronikoak eta txostenak egiteko gai danez, zeregin administratiboak arintzen ditu, baina, Irazabalek ohartarazo dauanez, informazinoa kudeatzeko be oso erabilgarria da: “Askok beharbada ez dabe jakingo, baina AAk informazinoaren estrakzinoa dalakoa egiten dau, adibidez, txosten konplexu bat emon eta datu esanguratsuenak di-da batean ataraten deutsuz”.

Horrezaz gan, enpresa bakotxaren beharretara egokitzeko modua be emoten dau AAk. “Industrian, esaterako, enpresa batek makina barri bat erosten badau, igual instrukzinoak izaten dira 300 orrialde; ba, dana irakurri eta ulertu behar ez izateko, AAk zer dan garrantzitsuena esaten deutsu eta makinaren inguruan galderak eginez gero, instrukzinoetan oinarritutako erantzunak emongo deutsuz”.

Jardunaldiaren bigarren partean benetako esperientzia baten barri izan eben parte hartzaileek. Iturburu inmobiliariako kide batek egin eban berba, aspaldi honetan AA erabilten dabiz eta, enpresa barruko jarduna eraginkorrago bihurtzeko. Ganera, SPRIren Gaitasun Digitalak programan parte hartu eben igaz.

Hain zuzen be, dobako programa horren inguruko informazinoa emoteaz arduratu ziran SPRIko Jon Goitisolo eta Jurgi Bilbao jardunaldiaren hirugarren zatian. Gaitasun Digital Profesionalak eta Teknologiaren Ezarpena da egitasmoaren izen osoa eta Lanbide Ekimenak-ek zein SPRIk enpresetako arduradunak animau gura izan zituen bertan parte hartzera, enpresa bakotxerako plangintza zehatzak egiteko modua eskaintzen daualako.

Enpresa batek Gaitasun Digitalak programagaz bat egiten dauanean, SPRIko adituek lanpostu bakotxean dagoan beharginaren trebetasun digitalak aztertzen ditue, banan bana, eta diagnostikoa egiten dabe. “Europako markoa dago, lanpostu bakotxaren gitxieneko gaitasun digitalak zehazten dituana, eta horretan oinarritzen dira”, azaldu dau Irazabalek. Behin ebaluazinoa eginda, gabeziak agertuz gero, formazinoa emoten dabe SPRIkoek, beharginak lanpostu bakotxari jagokon mailara heldu daitezan.

Lanbide Ekimenak-en oinarrietako bat etenbako prestakuntza emotea da, enpresen etorkizunerako ezinbestekoa dalako momentuan momentuko beharretara egokitzea. “Aldaketak gero eta arinago datoz”, dino Irazabalek, eta zer esanik ez AAren kasuan. “Enpresa batzuek gastu moduan ikusten dabe etenbako prestakuntza, baina inbertsinoa da, giza kapitalean inbertidutea. Edozein erakunde personaz osotuta dago, persona barik hormak baino ez dira, eta behargin horreek zenbat eta trebatuago egon, euren lana hobeto egingo dabe eta lehiakorragoak izango dira”.

Enpresak ez eze, ekintzaileak eta lan barik dagozanak be gogoan izaten ditue Lanbide Ekimenak-en eta talde horreetako bakotxari zuzendutako ekimen ugari egiten ditue, aholkularitzagaz zein formakuntzagaz lotuak. “Erabiltzaileen beharrizanak entzun eta horreei erantzuten ahalegintzen gara”. Egoitza Gernikan izan arren, eskualde ia osoa hartzen dauan zeregina da: Busturialdeko 20 udalerrietatik 17tan jarduten dau Lanbide Ekimenak-ek (Bermeo, Sukarrieta eta Mundakaz Bermeoko Behargintza arduratzen da).

Ikastaroen alorrean, zehaztasunera jotea da lehentasuna, pare bat orduko saio laburrak atontzen ditue, erabiltzaileek euki leikezen ardurei erantzun praktikoa emoteko. Esate baterako, produktibidadea hobetzeari lotutakoak egin izan ditue, edo, Bizkaiko Foru Aldundiak Ticket Bai ezarri barri dauanez, sistema hori erabilten ikasteko saioa be baliogarria izan da askorentzat.

Ganera, egitasmo handiagoak be bideratzen ditu Lanbide Ekimenak-ek. Joseba Irazabalek azaldu dauanez, igaz hiru programa izan zituen martxan, Foru Aldundiagaz alkarlanean. Bata, Enpresa Berdea izenekoa, ingurumena eta jasangarritasuna lantzeko. Bigarrena, Suspertze Digitala, enpresen digitalizazinoaren alorrekoa da, SPRIren Gaitasun Digitalak lez, baina kasu horretan enpresaren funtzionamendu orokorraren diagnostikoa egiten da, eta SPRIrenean lanpostuak banan-bana aztertzen dira. Hirugarren ekimena be, Salburu, esker onez hartu dabe negozio txikiek, lan komertzialean laguntzen daualako.

Adimen Artifizialari eskaini eutsien jardunaldi informatiboa be Lanbide Ekimenak-en gidalerro nagusietan oinarritu zan: laburra, zehatza eta praktikoa izan zan. Erantzuna ikusita, halako gehiago antolatzen segiduko dabela ziurtatu dau Irazabalek. Dagoeneko esku artean darabile negozioen transmisinoari lotutako saio bat. “Ikusten hasi gara, sarri, jaubeek erretiroa hartzen dabenean negozioa zarratu egiten dabela. Halako kasuetan erreleboa topetea eta eskuz aldatzeko prozesua erraztea dira asmoak”. Gernikak beti izan dauan nortasun merkataria ez galtzea gura dabe. “Guretzat, gaur egun, ekimen barriak sortzearen besteko garrantzia dau lehendik dagozanei eustea”.

Negozio eta enpresei eusteko ahalegin horretan, hain zuzen be, zeresana izango dau Adimen Artifizialak eta gaur egungo baliabide digitaletara egokitzeko gaitasunak. AAk lanpostuak desagertzea eragin leikela be badinoe batzuek, baina Irazabalek garbi dauka beharginen aldeko erremintea dala, ondo erabiliz gero. “Lanpostuak kendu baino, prozesuak errazten ditu AAk, denpora aurreztu; eta guk ez badogu ikasten, dakien beste bat etorriko da, hau da, erremintak berak ez dau lanposturik kentzen, baina erreminta hori erabilten dakienak ez dakienari, bai”.

Horregaitik, Lanbide Ekimenak-ekoek ez dabe baztertu aurrerago beste saioren bat egitea AAren inguruan, oraindino ezer zehaztu ez badabe be. “Erabilten jakin behar dogu, ze geratzeko etorri da”.