“Non ote zauden” erakusketak berrogeita hamarreko hamarkadan Euskal Herrian hartutako irudi batzuen protagonista den neskatoa identifikatzen laguntzeko gonbita egiten dautso herritarrei.Gernika-Lumoko Kultur Etxean dago ikusgai urtarrilaren 19tik martxoaren 20ra bitartean.
1954 eta 1956 urteen artean hartutako 140 irudi inguruko argazki-artxiboan oinarrituta eraiki zen erakusketa, eta euskal inguruneko eta familia anonimo bateko eguneroko eszenak erakusten dabez Euskal Herriko hainbat lekutan.
Dani Asua argazkilariak aurkitu eban argazki-multzoa, eta Gernikara ekarri eban, imajinatu ere egin barik irudi horreek bertoko historiarekin izango eben lotura sakona. Ondoren, Hibai Agorria argazkilari eta bideografoak artxiboa eskaneatu eta dokumentatueban, eta argazki guztiek leku ezagun eta hurbilak irudikatzen dauzela baieztatu eban, Durangaldetik Urdaibairaino, Gipuzkoako kostaldetik eta Kontxa edo Hondarribia bezalako kokaguneetatik pasatuz.
Erakusketaren haria neskato baten irudia da, irudien protagonista errepikaria. Antolatzaileen kalkuluen arabera, 85 eta 87 urte artean izan ahal dauz gaur egun, eta bera aurkitzea — edo argazkiak itzultzea — bihurtu da erakusketaren helburu nagusia.
Familiaren balioaz haratago, irudiek berrogeita hamarreko hamarkadako eguneroko bizitzaren lekuko gisa ere funtzionatzen dabe, paisaiak, arkitektura eta ingurunearekiko hartu-emonak erakutsiz. Egindako ikerketaren ondoren familia identifikatzea lortu ez danez, erakusketak memoria kolektiboa eskatzen dau orain dala ia zazpi hamarkadan zabaldutako zirkulu bat ixteko.





