Urdaibaiko Biosfera Erreserbak beste urrats bat egingo dau bere natura-ondarea babesteko eta azpiegitura modernoagoak izateko. Bizkaiko Foru Aldundiak, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailaren bidez, eta Iberdrolak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe eskualdeko bidegorrien obrak eta sare elektrikoa lurperatzeko lanak batera koordinatzeko.
Akordio honi esker, Gernika eta Bermeo lotuko dabezan bidegorria eraikitzeagaz batera, inguruko linea elektrikoak lur azpian gordeko dira. Bi lanak aldi berean eta koordinatuta egiteak ingurumen-inpaktua askoz gehiago txikituko dau eta paisaia askoz garbiago geratuko da eskualdeko ingurune babestuan.
Gernika eta Bermeo arteko bizikleta-korridorean eragina
Jarduera honek Bizkaiko zazpi bizikleta-korridore handietako bati eragingo dautso, Lurralde Plan Sektorialeko (BBBLPS) 5. lineari , hain zuzen ere. Ibilbide honek gure eskualdeko udalerri nagusiak josten dauz, Foru, Murueta, Busturia, Sukarrieta eta Mundakatik igarotzen baita Bermeoraino heltzeko.
Proiektu bakoitzak bere finantzaketa eta kontratazio propioa izango badauka ere, obrak aldi berean egiteak baliabideak optimizatuko dauz. Horrela, ibilbidean lur-zanga berdinak edo koordinatuak erabilita, behin bakarrik zabalduko dira bideak, bizilagunei eragozpen gitxiago eraginez eta etorkizuneko mantentze-lanak erraztuz. Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango dau gehienez.
Mugikortasuna eta ingurumena eskutik
Erabaki honekin, Foru Aldundiak mugikortasun jasangarriaren eta ingurumenaren zainketaren aldeko apustu sendoa berretsi dau. Linea elektrikoen dorreak kentzeak eta kableak lurperatzeak Urdaibaiko paisaiaren kalitatea nabarmen hobetuko dau, balio ekologiko handiko ingurune honetan azpiegitura berriak modu arduratsuan integratuz.



