Alerta laranja aktibatu dabe eguenerako nabigaziorako itsasertzeko arriskuagatik

Eusko Jaurlaritzak eguen honetan, zezeilaren 12an, 00:00etatik 18:00etara bitartean, nabigaziorako (kostaldetik lehen bi miliatan) itsasertzeko arriskuagatik alerta laranja aktibatuko dau, itsasoaren egoeraren okertze nabarmena aurreikusten baita Atlantikoko borraska sakon berri baten etorreraren ondorioz.

Iragarpena

Euskalmeten arabera, eguzatena, hilak 11, eta eguena, hilak 12, bitartean, “Nils” izeneko borraska sakon bat Britainia Handiko uharteen hegoaldetik igaroko da, bere zentroa Bretainia ingurutik pasatuz. Egoera horrek mendebaldeko osagaiko haize biziak eragingo dauz, eta itsas baldintzen okertze nabarmena ekarriko dau.

Testuinguru horretan, itsasoaren egoerak okerrera egingo dau bereziki, eguenean. Olatu esanguratsuaren altuerak 5-6 metroak gainditu ahal dau, eta goizean 6-7 metro ingurura heltzea ere ez da baztertzen. Arratsalde-gau aldetik aurrera beheranzko joera hartuko dau, eta eguna 3,5 metro inguruko olatuarekin amaitzea aurreikusten da.

Gomendioak

Itsasaldeko arriskuagatik alerta laranja aktibatu dela eta, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak gogorarazten dau oso garrantzitsua dela kostaldeko eremuetan kontu handiz ibiltzea eta segurtasun-gomendioak betetzea.

Bainatzea eta uretako edo urpeko edozein jarduera saihestea gomendatzen da, baita ontziak erabiltzea ere, eta amarrak berrikustea. Era berean, gomendatzen da arriskutsuak izan ahal diren lekuetara ez sartzea, urautsietatik, kai-muturretatik, kaietatik, itsas-pasealekuetatik eta itsaslabarretatik urruntzea, eta kostaldeko lerrotik gertu dagozen errepideetatik zirkulatzea saihestea.

Itsasora eroriz gero edo olatuek eroan ezkero, garrantzitsua da lasai egotea, urautsietatik urruntzea eta korrontearen kontra ez igeri egitea, laguntza eskatuz eta erreskate-zerbitzuak iritsi arte zain egonez.

Herritarrei eskatzen zaie edozein larrialdi-egoeratan berehala 112ra deitzea.