Joan dan domekan, giro ezin hobean ospatu eben Bermeon urteroko Alkartasun bazkaria, eta guztira 48 mahaikide batu ziran ekimenean parte hartzeko.
Egunari hasierea emoteko, Famili Mezea ospatu zan Santa Maria parrokian eta, urten orduko, triki-poteo labur bategaz girotu eben herria. Mahaian jesarri aurretik, Caritaseko bi langileren azalpenak entzun ziran, euren eguneroko lanaren barri emon ebelarik. Ondoren, bazkari gihartsua dastatu eben: kroketak, marmitako gozoa eta, amaitzeko, flana, tostadea eta mantekadua, kafe eta guzti. Bazkalostean, kantuek eta dantzek hartu eben lekua eguna borobiltzeko.
Ekitaldiak alde ekonomikoan be erantzun bikaina izan eban, guztira 1.276 euro batu ziren eta. Gastuei jagokonez, 236 euro Txokoan (edariak eta kafea) eta 83 euro janarietan erabili ziren; ondorioz, Caritasi emoteko dohaitza 1.005 eurokoa izan zen.
Antolatzaileek eskerrak emon gura eutsiezan lagundu eben guztiei “Itsas Alde txokoari, Zubi Gane eta Andeko tabernei, jatekoa oparitu dabenei, sukaldaritza taldeari, antolatzaileei eta, zelan ez, “0 mahaiaren” bidez zein bertan egonda ekarpena egin daben guztie”.





