Alkartasuna taldeak belaunaldi arteko dantzariak batuko dauz zapatu honetan Bermeon

Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak bere historiako momenturik berezienetako bat biziko dau zapatu honetan. Taldearen 50. urteurrena ospatzeko, herriko Artza frontoiak belaunaldi ezberdinetako ehun dantzari eta musikari baino gehiago batuko dauz oholtza gainean. Urrezko ezteiak ospatzeko ekitaldi nagusia izango da honakoa, eta herriari eta taldeari bizirik eutsi dotsien guztiei omenaldia egiteko balioko dau.

Gaizka San Pedro taldeko presidenteak azaldu dauenez, ekitaldi honen helburu nagusia “taldearen sortzetik gaur egunera arte Alkartasuna martxan mantendu duten belaunaldi ezberdinei omenaldia egitea” da. Ikuskizuna gaueko 21:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da bertaratu nahi daben guztiontzat.

Ikuskizunean zehar, Euskal Herriko lurralde ezberdinetako dantza adierazgarrienen ibilbidea egingo dabe dantzari eta musikariek. Gainera, antolatzaileek aurreratu dabe ustekabeko ezusteko bat eta laguntza berezi bat prestatu dabezela egun horretarako, baina xehetasunak sekretupean gorde nahi izan dabez azken momentura arte.

Zapatuko eguna, uztailaren 11koa, luzaroan gogoratzeko modukoa izango da kostaldeko herrian. “Guretzako eguna izango da, non argazki eta bideoen bidez gure historia gogoratuko dogun”, aipatu dau San Pedrok hunkituta. Hasierako gabeziak eta egindako ahalegin handiak gogoratzeko momentu egokia izango da: entsegu-lokalik ez eukienez, gozoki denda baten barruan edo herriko eskoletan entseatzen eben garaia, eta aurrekontu faltagatik dantzari bakoitzak bere jantziak ordaindu behar ebenekoa.