“Amnesia historikoaren kontra egin behar dogu”

Donostiako Zinemaldiko programazinoan egon zan FMK Filmak ekoiztetxearen Errautsak dokumentala eta azaroaren hasieratik zinema aretoetan daukagu ikusgai. Bigarren Mundu Gerrako jazoera harrigarri batzuk azaleratu ebazan ikerketa historiko baten barri emoten dau: Unai Eguia bilbotarra Frantzian errefuxiatutako burrukalari errepublikazale talde baten pausoak aztertzen hasi zan, tartean, Anjel Lekuona busturiarrarenak. Alemaniarrek atxilotu eta gero, Hradištkoko kontzentrazino esparrura eroan ebezan, Txekian, eta han hil ebezan 1945eko apirilean. Orduan alkartzen dira deportatuon historia eta Pragako Strasnice errausketa-labeko zuzendari František Suchýrena, hari esker iraun dabelako gaur arte hildakoen errautsek.

Oier Plaza gernikarrak zuzendu dau dokumentala, memoria historikoa berreskuratzeko bidaia baten kronika zehatz eta hunkigarria. Deportatuen senideek Unai Eguiagaz batera egindako azterlaneko pauso guztiak agertzen dira, baita František Suchýk nazismoaren biktimei duintasuna emoteko hartutako erabagi arriskutsuak be. Garazi Velascok idatzi dau gidoia Plazagaz batera eta Aitor Etxebarriak ipini deutso musika thriller ikutuko kontakizunari.

Zelan izan zenduen historia berezi honen barri?

Anjel Lekuona gudari, iheslari eta nazismoaren biktimaren senitartekoak gernikarrak dira, neure moduan. Danak buelta handi bat emon eban kontau eustienean Angelen errautsak Pragan egon leikezala, ze, orduan, persona bakar baten historia baino gehiago bihurtu zan. Parte positiboak daukaz historia honek, horrek egiten dau erakargarri. Heriotza eta drama egon arren, heroi txikien kontakizuna da, kontau beharreko kontu bat zan, era batera edo bestera desagerrarazi egin gura izan zalako. Dokumental honen bitartez ezabaezin bihurtu dogu.

Ikerketa ondo aurreratuta egoanean ekin eutsazuen dokumentalari.

Bai, Pragan desagertutakoen errautsak egozala jakin zan momentuan sartu ginan gu. Ekitaldi bat egin zan Pragan senitartekoakaz, eta han joan nintzan ni kamaragaz, dokumentala egingo zan ala ez ziur jakin barik, ze halako proiektu baterako antolakuntza, produkzino eta finantziazino aldetik baliabideak behar dira eta momentu haretan ez geunkazan. Baina historia interesgarria zala ikusi genduan eta hari horretatik tiraka hasi ginan. Denporeagaz joan ginan konturatzen zelako ikerketa zan, zenbat persona alkartu ziran proiektu haretan. Txekiarren partetik be prestutasun handia egon zan laguntzeko.

Film baterako ezaugarri aproposak daukaz kontakizunak.

Osagai zinematografikoak daukaz historia honek. Unai Egiaren ikerketan oinarritu gara eta dokumentalean berbetan agertzen diran persona guztiak ikerketa horretako parte izan dira. Horregaitik, guretzat nahiko erraza izan zan lekukoak topetea, aldez aurretik Unaik topau zitualako. Gu ikerketaren harian ibili gara beti. Guk egin behar izan doguna da hori guztia antolatu: protagonistek egiten dabezan pauso guztiak, agertzen diran deskubrimendu txikiak… Horri guztiari tentsino narratiboa emon deutsagu eta hori musikaren eta irudien bitartez lortu dogu.

Memoria historikoa berreskuratzeko tresna da dokumentala?

Modu bidebakoan hiltzen diran personen kasuan, askotan euren biografiek hutsune asko eukiten ditue. Kasu honetan, ganera, Frankismoak amnesia historikoa inponidu eban. Horregaitik, hutsune horreek beteten doguzanean, personen duintasuna berreskuratzen dogu. Aldi berean, hildakoen senideen zauriak zarratzen be lagundu dau ikerketa honek. Tragedia bat kontau dogu, eta balio behar dau gauzak aldatzeko.

Ikerketaren hasieretan, Anjel Lekuonaren loba Anton Gandariasegaz topo egin eban Unai Eguiak. Euskal Herrian hasi eta Bigarren Mundu Gerraren bihotzeraino heldu ziran: naziek okupautako Praga, kontzentrazino esparruak…

Manu Leginetxek esaten eban Bigarren Mundu Gerra Gernikako bonbardaketan hasi zala. Beharbada asko esatea da hori, baina egia da gerra mekanizaduaren esperimentua Gernikan egin ebela naziek. Horregaitik, historia honetako pertsonaiei segiduta, kontau ahal izan doguz Espainiako Gerraren ondorioak, Ebroko bataila, erbestea, nazien Frantziako inbasinoa, kontzentrazino esparruen munstroa eta abar. Baina Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan be, Txekian, estalinismoa egon zan eta hango disidentzia ezabatzeko ahalegina be kontetan dau dokumentalak.

Euskal Herrian hasten da kontakizuna, produkzinoan be bertokoak ibili gara, baina kontetan dana europarra da, nazinoartekoa. Eta beste gauza bat be argi itxi gura izan dogu: Franco 1975ean hil zan, baina oraindino desagertuak dagoz lurrazpian eta amnesia historiko horren kontra burruka egin behar dogu. Gizon eta emakume askoren historia kontetako dago oraindino. Memoria Historikoa landu behar da, gaur egun gagozan moduan zergaitik gagozan erakusten daualako eta etorkizunean hobeak izateko eraldaketa tresna dalako.

Dokumentalaren protagonista nagusietako bat František Suchý da, Pragako errausketa-labeko zuzendaria. Hari esker gorde ziran hildako deportatuen errautsak. Nor izan zan?

Tipo kuriosoa da, persona normala izan arren heroi baten moduan jokatu eban. Injinerua zan ikasketaz eta sasoi haretarako metodo aurrerakoiak erabilten ebazan Strasniceko errausketa-labean. Inguruko lorategiak berak diseinu zituan. Krematorio zibila zan, baina, momentu batean, agindu eutsen Gestapok atxilotu eta hilten zituan erresistente txekiarren gorpuak erreteko eta desagerrarazoteko. Desobedientzia ariketa egin eban, bere bizia arriskuan ipinita, errautsak gorde eta hildakoen izen guztiak zerrenda batean idatzi ezabalzako isilpean. 2.000 txekiar ingururen memoria gorde eban.

Eta zelan lagundu eban Anjel Lekuonaren eta beste deportatuen errautsak gordeten?

Gerraren azken urteetan Hradištkoko kontzentrazino esparruko gorpuak heldu jakozan, horreek be erre eta errautsak desagerrarazoteko aginduz. Birritan pentsau barik erabagi eban desobedientzia ariketa gorpu hareekaz be egitea, txekiarrenak ez ziran arren. Gerra amaitzear egoan, naziak egindakoaren froga guztiak ezabatzen ebilzan, momentu arriskutsuan egin eban hori František Suchýk.

Txekiarrek, Bigarren Mundu Gerra amaituta, Suchýk gordetako 2.000 disidente hilen errautsak berreskuratu eta jagoken omenaldia egin eutsien. Deportatuen kasuan, orain arte ez da ezer egin?

Bai, Frantziako Gobernuak hango herritartasuna euken hildakoen errautsak berreskuratu eta Frantziako hilerri batera eroan ebazan. Baina Espainian Franco egoan eta espainiarren errautsak han geratu ziran ahaztuta.

Familiek erabagi dabe errautsak Pragan ixtea, 80 urteren ondoren hondatu egin diralako.
Bai, horregaitik eta, ganera, errepublikar talde haretako kideak alkarregaz egon daitezala erabagi dabelako. Pentsau behar da ohorezko lekuan dagozala errautsak, faxismoaren kontrako burrukalarien omenez sortutako gune batean, Strasnicen bertan. Ikerketa honen hari guztiak, tenporalak zein pertsonaiei jagokezenak, hantxe batzen dira, leku oso sinbolikoa da.

Ekitaldia egin eben hildakoen ondorengoek Strasniceko krematorioan, Txekiako Gobernuaren laguntasun eta guzti. Han alkartu ziran ordezkari ofizialak, senideak eta František Suchýren semearen alarguna, oraindino bizirik dago eta. Zuek ekitaldia ikusi eta grabau zenduen.

Hori be momentu berezia izan zan. Suchý aita-semeak hilda dagoz eta semearen alarguna besarkatutea izan zan eskerrak emoteko modu bat senideentzat. Hemen ezinezkoa izango zan holakorik egitea, imaginetan dozu Espainiako militar batzuk errepublikano deportau baten aurrean omenaldia egiten? Nik ez dot ikusi halakorik. Ba Txekian bai, han egon ziran soldaduak, Anjel Lekuonaren eta besteen omenez. Gauza batzuk hamen baino garbiago daukiez.

František Suchýk eta haren andreak eta semeak Txekoslovakiako gobernu komunisten errepresinoa jasan eben gero. Gaur egun errekonozimendurik egiten jake?

Esango neuke emon deutsiezen sari eta errekonozimenduak gehiago izan dirala preso politikoak izan ziralako estalinismoaren aroan, Bigarren Mundu Gerrako errautsen kontuagaitik baino. Saritu eben František Suchý bere sasoian, baina zirkulu akademikoetatik kanpo ez da oso ezaguna. Orain hasi dira apur bat mobiduten, Txekiako presidentearen izenean domina bat emoteko ekimena dago. Parke batek haren izena daroa Pragan, baina gu egon ginan han eta ez zan beste munduko parkea. Dokumentalagaz lortu dogu figura apur bat ezagunagoa egitea, geure aletxua ipini dogu.

Filma han estreinau genduan eta, ondoren, hezkuntza zentroek aukera izan dabe proiekzinoetara joateko. Txekia guztiko 80 zentrok hartu dabe parte, eta oso zifra ona da, beren-beregi eskatu behar dalako proiekzinora joatea. Txekiako telebistan dokumentalaren bersino laburtu bat emon dabe. Gure arduretako bat izan da historia hau txekiarrentzat be ulergarri egitea, txekiarren ikuspegitik be badalako kontakizun hunkigarria.

Begira, lehenengo pasea institutuko ikasle batzukaz egin gendun, modu pribaduan, eta oso hunkituta egon ziran. Publikoko neska batek galdera bat egin euskun, haren familiako batzuk be nazismoaren biktima izan ziran, eta negarrez hasi zan. Alderdi sentimentaletik funtzionau egin eban.

Unai Egiak hasi eta Pragan amaitzen dan ikerketaren barri emoteko, senideen berbez gan, marrazki bizidunak erabili dozuez, Kote Camachok eginak. Zergaitik erabili dozue baliabide hori?

Beharrezkoa izan da, ze deportatuen ibilbidea kontetako ez dogu beste materialik euki, argazki eta agiri gitxi izan doguz eskura. Hasieran zalantzak euki genduzan, baina uste dot narrazinoan ondo funtzionetan dauala animazinoak. Nik neuk be asko ikasi dot, Kotek egundoko ekarpena egin dau, ikusi dot zenbateko lana dagoan animazinoaren atzean.

Alkarrizketau dozuezan protagonistek euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez, alemanez eta txekieraz egiten dabe. Zelakoa izan da hainbeste hizkuntza kontakizun bakarrean kateatzea?

Infernua izan da. Uste dot dibersidade hori dokumentalean agertzea oso polita dala, baina onartu behar dot lanerako dana konpliketan dauala, montajean batez be, ulertzen ez dozun hizkuntza batean esaldiak non ebagi ez dakizulako, itzulpena alboan euki arren. Hannot Mintegiak egin dau horretan sekulako lana.

Txekian udabarrian aurkeztu zan filma. Irailean, ostera, Donostiako Zinemaldian parte hartu dozue. Zelako esperientzia izan da?

Zinemaldian glamour asko dago. Gu apur bat glamourraren kontrakoak gara, baina, azken batean, gauza ederra da Donostian proiekzinoa egitea. Kote Camacho eta biok ibili gara alkarrizketak egin eta egin eta oso positiboa izan da. Batez be, geure kontakizuna ezagutzera emoteko helburua bete dogu. Pentsetan dogu kontau beharreko historia dala eta ze erakusleiho hoberik Zinemaldia baino. Dokumentalak ez dira, hasiera batean, saltzeko produkturik erakargarrienak, baina jentea harritu egiten da Errautsak ikusten dauenean.

Gernikako FMK Filmak ekoiztetxekook egin dozue Errautsak. Gai historikoak eta kulturalak lantzea da zuen pasinoa, dinozuenez.

Gure aitak sortu eban FMK Filmak eta betidanik egin izan doguz erreportaje eta dokumentalak. Bideo komertzialak be egiten doguz, danari zabalik egon behar dogulako, ikus-entzunezkoena ez da mundu erreza. Baina egia da Errautsak eta era horretako istorioek tiratzen deuskuela gehien, gure historiagaz eta kulturagaz zerikusia daukien gaiak. Gaur egun zazpi persona gabilz enpresaren inguruan beharrean eta, ganera, lantzean behin gugaz lankidetzan ibiltzen diran kolaboratzaileen sarea daukagu.