Gernika-Lumoko azoka berezien denporaldiak ez dau etenik egiten, eta datorren zapatuan, abuztuak 1, udako hitzordu gastronomiko nabarmenetako bat hartuko dau Merkatuko Plazak. Goizeko 09:00etatik 14:30era bitartean, Arabako Errioxako arnoak eta bakailaoak jantziko dabe eremu osoa, ekoizleak, artisauak eta bisitariak kalitatezko produktuaren inguruan berriro be batuz.
Gernika-Lumoko Udalak antolatutako saio honek ohiko filosofiari eusten dautso erabat: tokiko kalitatezko produktua balioan jartzea, egileen eta jendearen arteko harreman zuzena sustatzea, eta gure lehen sektoreari bultzada sendoa ematea tradizinoa eta hurbileko merkataritza buztartuz.
Tokiko eta inguruko elikagairik onenak, bertatik bertara
Arnoaz eta bakailaoaz gain, Merkatuko Plazak denetariko produktuak batu kualifikazino handiko aukerea eskainiko dau: gaztak, olioa, txakolina, pateak, mezetak, gildak, olibak eta artisau-gozogintza. Euskal Herriko zein Nafarroako ekoizleez gain, Busturialdeko baserritarrek be beren garaiko barazkiak eta fruituak jarriko dituzte salgai.
Abendura arte luzatuko den egitarau oparoa
Aste-akaburu honetako azokea hilabeteotan garatuko den egitarau zabal baten atala baino ez da, gure sukaldaritza-tradizinoaren produktu adierazgarrienei lekua eginez:
-
Irailak 5: Bizkaiko untxia eta sagardoa.
-
Urriak 3: Sukalki Eguna, Urriko Lehenengo Astelehenaren atari historikoa. Aste-akaburu berean, Euskal Herriko Pirenaiko Arrazako Behi-Abereen XXXIX. Txapelketa eta nekazal makineria erakusketea egongo dira.
-
Urriak 26: Gernikako Azken Astelehena, Eusko Label produktuen lehiaketa eta azokarik jendetsuena.
-
Azaroak 7: Gernikako Babarrunaren Eguna.
-
Abenduak 5 eta 20: Karakol Eguna eta Euskal Herriko XLIX. Karakol Txapelketa ospetsua.



