Badator berriro! Arbolapean zikloak bere bosgarren edizioa ospatuko dau aurten, eta udako ostegun arratsaldeak zuzeneko musikaz betetzeko prest dago. Kultura Etxearen eskutik, ekainaren amaieratik uztailaren amaierara arte, Seber Altube auditorioa bihurtuko da gure topagunea, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
Iparragirreren kantu ezagunean eta Gernikako Arbolaren itzalean lortutako inspirazioagaz, ziklo honek hasierako filosofiari eutsi gura dio: musika garaikidea formatu txiki, gertuko eta irisgarrian eskaintzea, agertoki handietatik urrun. Bertoko talentu emergentea eta proposamen independenteak dastatzeko aukera paregabea!
Kontzertuen egutegia: Ez galdu bat ere ez!
Hemen duzue astero izango dugun karteldegia, koadrilagaz joateko planik onena antolatu dezazuen:
-
Ekainak 25: Zuga taldeak emango dio hasiera zikloari.
-
Uztailak 2: Ziraun taldearen txanda izango da.
-
Uztailak 9: Sueder igoko da agertokira.
-
Uztailak 16: Naz-en doinuak entzungo ditugu.
-
Uztailak 23: Mikosis taldearen indarra.
-
Uztailak 30: Intensidades Ortega, aurtengo edizioari amaiera borobila emoteko.

Urte hauetan guztietan, Arbolapean udako hitzordu finkoa bihurtu da gernikarrentzat. Genero ezberdinetako artistak ezagutzeko eta herrian bertan kultura debalde eta gertutik bizitzeko aukera ederra da.



