Gernika-Lumoko kaleak eta bideak egoera egokian uzteko udal plana martxan da dagoeneko. Aste honetan bertan hasi dira lehenengo lanak udalerriko hainbat gunetan, asfaltoaren egoera berritzeko eta bai ibilgailuen zein oinezkoen zirkulazioa eta segurtasuna errazteko asmoz.
Une honetan, makinak Arane, Agirregane, Allendeko eskolen irteerako pasabide altuan eta Kortezubi kalean ari dira lanean, azken hau errotondatik ospitalerainoko tartean. Bide-sarea mantentzeko fase berri honek 176.500 eurotik gorako inbertsioa dakar eta Udalaren konpromisoa erakusten dau gure herriko azpiegiturak hobetzeko.
José María Gorroño Gernika-Lumoko alkateak azpimarratu dauenez, ezinbesteko lanak dira herrian: «Bide-sarea mantentzea beharrezkoa da herritarren segurtasuna bermatzeko eta egunero erabiltzen doguzan azpiegiturak zaintzeko. Diskretuak iruditu arren, zuzeneko eragina daukie mugikortasunean eta espazio publikoaren kalitatean». Trafikoak, eguraldiak eta denboraren igaroak sortutako higadurari erantzuna emotea da helburua.
Bigarren fasea abuztuaren 19tik aurrera iritsiko da
Lanak ez dira hemen geldituko. Hurrengo fasea abuztuaren 19tik aurrera jarriko da martxan, eta orduan makinak Txorroburu, Lorategieta eta Carlos Gangoiti kaleetara mugituko dira zorua berriztatzeko. Lan honeek iaz egindako Plana osotzen dabe, auzoetako bideei zein egoera txarragoko leku garrantzitsuei lehentasuna emonez.



