Aste Santu ostean hasiko dira Gernika-Lumoko Juan Calzada kaleko lanak

Juan Calzada kaleko lanak Aste Santu ostean hasiko dira, miloi erdi euro baino gehiagoko inbersinoagaz. Erabateko barriztatzeak azpiegiturak berrituko dira eta irisgarritasuna hobetuko da Gernika-Lumoko hiri-ardatz nagusietako baten.

Gernika-Lumoko Udalak apirilaren 13ko astean, hasiko dauz Juan Calzada kalea goitik behera barriztatzeko lanak, herriko ardatz nagusietako bat baita. Lanek 507.881,73 euroko aurrekontua izango dabe eta hiru hile inguru iraungo dabe.

Lanak Gurutze Gorriaren eraikinaren eta Barandiaran dendearen arteko zatian egingo dira (235,39 metroko luzean). Horrela, Pasealekutik Gurutze Gorrira arte eginda dagoan hobekuntzari jarraipena emongo jako.

Azpiegiturak eta irisgarritasuna

Proiektuak saneamendu eta hornidura sareak erabat barriztatzea aurreikusten dau, lurpeko azpiegiturak modernizatzeko eta epe luzera daben funtzionamendua hobetzeko.

Kalearen azalean, barriz, oinezkoen irisgarritasunari eta segurtasunari emongo jako lehentasuna. Hiri-eremua barriro diseinatuko da, autoen eta oinezkoen arteko bizikidetza orekatuagoa lortzeko.

José María Gorroño Gernika-Lumoko alkateak lanen helburua azpimarratu dauenez “oinezkoentzako irisgarriagoa eta seguruagoa izango dan kale baterantz joan gura dogu, herrian bultzatzen gabilzan hiri-ereduagaz bat eginez”.

Ekintza hau espazio publikoa hobetzeko udal-estrategiaren barruan kokatzen da. Honen helburua oinezkoen mugikortasuna eta hiriaren kalidadea indartzea da herri osoan, batez be jente gehien ibiltzen dan guneetan.