Orain dala 20 urte okupau ebenetik, Gernika-Lumoko bizitza kulturalaren motorretako bat bihurtu da Astra, hango agertokian egiten diran kontzertu, bertso-saio, antzezlan eta bestelakoei esker. Baina hori baino askoz gehiago be bada: herritarren eta eragileen alkargune, belaunaldien arteko topaleku, proiektu txiki askoren babesleku eta bizimodu justuago baten aldarrikatzaile. 2005eko abenduan okupau eben gazte batzuek armagintzako lantegia izandako eraikina, euren beharrizanetarako espaziorik ez eukela igarten ebelako. Gaur egun, Udala da eraikinaren jaube, baina funtzionamendu guztia autogestinoan oinarrituta dago, lehenengo egunean legez. Astraren 20. urteurrenaren kontura, Naroa Idoiagak eta Amaia Iruskietak emon deuskue proiektuaren nondik norakoen barri.
Zer esangura dauka Astrak hogei urte bete izanak?
NAROA IDOIAGA: Trantsizino baten moduan irudikatu daiteke, ze hogei urtean jente piloa pasau da hemendik eta etapa ugari izan doguz Astran. Urteotan guztiotan egin dan lanaren ondorioa da orain zelan gagozan hemen. Urteurrena ospatzeko aprobetxauko dogu eta baita aurrera begira zer gura dogun pentsetako be.
‘Astra Gernika da eta Gernika Astra da’ esaldia erabili zenduen urteurreneko asmoak aurkezteko ekitaldian. Astraren izakera ondo agertzen dau esaldi horrek?
AMAIA IRUSKIETA: Alkargune inportante bat da Gernikan, herritarrak batzeko gunea da, baina bizikidetza moduko bat be sortzen da danon artean. Oinarrizko balore batzuk errespetau ezkero, danontzako aterpea dago.
IDOIAGA: Gernika guztiaren errepresentazinoa Astran egotea gura dogu eta, aldi berean, Astra herrira zabaltzea. Hau ez da gauza independente bat, herritik aparte dagoan eraikin bat, herritarren beharrizanetara egokitu behar dan gunea da. Ganera, Gernikan Astra erreferente izan behar da.
Autogestinoan oinarritutako eredua da Astrarena. Hogei urtean egin dan guztia ikusita, esan leiteke autogestinoak emoitza ona ekarri dauala.
IDOIAGA: Ez dogu esango bide erreza izan danik, baina autogestinoa da gure oinarria. Azpiegitura Udalarena da, orain dala urte batzuk eraikina erosi ebalako, baina beste guztia geure kontura doa. Danon artean erabagiten doguz gauzak, eragile askok parte hartzen dabe, antolatzen diran jardueretatik lortutako diruagaz gastuak pagau geinkez… Ikusten da autogestinoak funtzionetan dauala.
IRUSKIETA: Astraren tamainua be nabarmendu behar da, ze, gune autogestionatuetan pentsetan dogunean, askotan leku txikiak izaten dira. Baina Astran egiten dan guztia, herriari emoten deutsana, asko da. Gernika-Lumon ia danek daukie hurrekoren bat Astran parte hartzen dauena.
Autogestinoaz gan, ze zutabetan oinarritzen da Astraren jardun guztia?
IRUSKIETA: Hogeigarren urteurrenaren kontura, ezinbesteko lau-bost oinarri aitatu doguz. Hor sartzen dira, autogestinoagaz batera, feminismoa, euskera eta antiarrazismoa. Astran martxan jarten diran ekimen guztietan horreek baldintzak bete behar dira, ez da urteurrenerako bakarrik, egiten dogun edozein ekintzatan hartzen doguz kontuan horreek baloreak.
2005eko abenduan egin zan Astraren okupazinoa. Zu, Naroa, horren parte izan zinan. Holako espazio baten beharra igarri zenduen Gernikan?
IDOIAGA: Gazteok lekua behar genduan. Ezin dogu ahaztu, bide horretan, geure neba-arreba diran beste proiektu batzuk, esate baterako, Iparragirre rock alkartea eta Trinkete antitxokoa. Azken hori orain ez dago baina Parnaso dago, eta horreek be geugaz lankidetzan dabilz. Orain dala hogei urte danok ikusten genduan espazio falta: musikariek lokalik ez euken entseguetarako, gazteok geure ardurei erantzuteko leku faltan genbilzan… Horrek bultzatuta hasi ginen, aukera ikusi gendun arma lantegia izandakoa herritarrentzat bideratzeko. Gazteok hemen ikusten gendun geure burua.
Deigarria be bada, arma lantegia izandakoa orain proiektu autogestionau baten egoitza izatea.
IDOIAGA: Ba, ez pentsau, guk askotan egin dogu berba paradoxa horren inguruan. Lehen bizia kentzeko tresnak sortzen ziran Astran eta orain herriari bizia emoteko tresna da, joko polita da.
Asko aldatu da Astra hogei urteotan?
IDOIAGA: Astrak berak etapa desbardinak izan ditu eta gu geu be berton hazi gara. Funtsean, baina, ilusinoari eta lanerako grinari beti eutsi deutsagu. Persona batzuk joan, besteak etorri, beti egon da talde bat honegaz aurrera egiteko prest, horregaitik dago zutunik Astra proiektua. Herriko eragileen ekarpena ahaztu barik, euren ekarpenak be laguntzen dau aurrera egiten.
Zuk, Amaia, urte eta erdi daroazu Astrako kudeaketan modu aktiboan parte hartzen. Belaunaldi gazteago bateko kidea izanik, zerk erakarri zintuen proiektu honetara?
IRUSKIETA: Beti euki dot hona hurreratzeko interesa, pasetan dana da ni ez nazela izan eragileren bateko kide eta ez neban parte hartzen modu aktiboagoan, harik eta bitartekari izateko aukera sortu jatan arte, orain dala urte eta erdi inguru. Hortik hasita, jentea ezagutzen hasten zara, dinamikak zelakoak diran ikusten. Beste modu batean parte hartzeko modua da.
Hogei urteko bidean, zeintzuk izan dira mugarriak?
IDOIAGA: Parte hartze prozesuak azpimarratuko neukez. Astran kilometroka funtzionetan dogu, hau da, urte batzuk pasetan diranean inflexino puntu moduko bat egiten dogu, gogoeta egiten dogu, herriaren eretxia ezagutu. Kilometro horreetan ikusten dogu zelango Astra gura dogun eta apurka-apurka joan gara eregiten. Urteakaz solairuak zabaltzen joan gara, hasieran beheko solairua erabilten gendun, orain bigarrenean be gauzak egiten dira eta ea hirugarrena be atontzen hasten garen. Ba, barruko funtzionamenduan bardin, harmailak igotea lakoa da da eta kilometroak dira horren erakusle. Zero kilometroan hasi ginan eta urteurreneko kontuok amaitzean asmoa da laugarren kilometroagaz hastea. Bestetik, gure ibilbidean mugarri inportantea izan zan, esaterako, herria batu zanean eraikina herriarena izan behar zala eskatzeko, horri esker lortu gendun Udalak Astra eraikina erostea.
IRUSKIETA: Niri iruditzen jat, etapa eta mugarri ugari egon arren, azpimarratu behar dala beti egon izan dala jentea proiektu honi eusteko prest. Batzuetan indar handiagoz eta beste batzuetan lasaiago, indarrak hartzeko, baina beti egon da gogoa indarrak batu eta aurrera egiteko. Hogei urte pasauta be, hori egiteko indarra eukitea sekulakoa da.
Belaunaldien arteko topagune izaten asmau dozue?
IRUSKIETA: Zelan edo halan badago belaunaldi guztien parte hartzea, bai. Umeak asko etorten dira, eurentzako gauzak dagoz, Astratxiki adibidez. Gernika Kantagunekoak be hemen batzen dira eta gehienak nagusiak dira. Ez dago beti belaunaldi arteko alkarlana, baina trukea bai. Aberasgarria da beste edade bateko jenteagaz lan egitea: gazteak zaharragoari pasetan deutso indarra, ilusinoa; helduak, ostera, esperientzia zabalagoa dauka eta gazteari azaldu leikio gauzak zelan egin, beste une batzuetan zerk funtzionau dauan eta zerk ez…
Gazteenak prest ikusten dozuez lekukoa hartzeko?
IRUSKIETA: Zalantza asko emoten deustazan gaia da, neure adinetik behera hutsune moduko bat igarten dot. Dana dala, gazteak etorten dira Astrara, ekitaldi konkretuetara behinik behin. Inplikazino handiagoa hartuko daben Astraren etorkizuneko motorra izateko? Ba ez dakit, gustauko litxakigu. Garbi dagoana da espazio hau euren esku be badagoala eta euren erara kudeatu beharko dabela, eskua luzatzen deutsegu.
Astrara etorten ez diran gernikarrei zer esan gura deutsazue?
IDOIAGA: Uste dogu jente gehien-gehienak ontzat joten dauela gure lana. Orduan, guk danak animetan doguz hona hurreratzera. Egongo da jentea pentsetan dauena Astrak ez daukala zerikusirik beragaz edo ez daukala zer eginik hemen, horreeri esan gura deutsegu hemen danentzako lekua dagoala. Datozela hona eta ziur eurentzako zeozer topauko dabena.
Egitarau potoloa atondu dozue abenduan, 20. urteurrenaren harira. Zeri emon deutsazue lehentasuna jarduerak aukeratzeko orduan?
IRUSKIETA: Abenduan batu doguz ekintza mordoa, hogei urte beteteari daukan garrantzia emoteko. Ospakizun handia gura izan dogu, topera gozatzeko. Udabarrian hasi ginen zehazten nondik norakoak. Egitarau zabal eta danontzakoaren alde egin dogu, hau da, musika bai, baina berbaldiak, antzezlanak eta mahai-inguruak be bai. Bazkaria be antolatu dogu, herria gugana ekarteko. Eragileei askatasun handia emon deutsegu egitarauan gauzak sartzeko, eurak be Astrako erabiltzaile garrantzitsu diran ezkero.
IDOIAGA: Eta ez dot ahaztu gura: Astratxikiko umeak azaroan hasi ziran urteurrenerako buruhandiak prestatzen, holan abenduko egitarauari kolorea emoteko. Bestetik, Astralagun txartela eskuratu daitekeela be esan gura dogu, Astrari laguntzeko beste modu bat dalako. Bakotxak ahal dauen neurrian hileroko diru aportazinoa eginda lortzen da txartela, eta urte guztian bost ekitalditarako sarrera doban lortu ahal da trukean.
Astrari ze etorkizun ikusten deutsazue?
IRUSKIETA: Etorkizuna badauka Astrak, baina nire ustez politena da egunero-egunero doala, egunerokotasunak emoten deutso bizia. Zer izango da gero? Nik uste dot pilo bat eraldatu leitekela, baina apurka-apurka aurrera doa, martxan doa eta hori da inportantea.
IDOIAGA: Nik gura dot honek bizirik segidutea. Gure seme-alabak hona etortea euren ardurak, burrukak eta beharrizanak lantzera. Errealidadea aldatzen doa, gizartea be bai, gure ondorengoen preokupazinoak beste batzuk izango dira, baina nik martxan eta zabalik ikusten dot Astra etorkizunean. Astra eraldatuz joango da, baina segidu deiala Gernika-Lumoko gauza soziokulturalen egoitza izaten eta herriko beharrizanak beteten.





