“Atzoko Gernika gaur Gaza edo Palestina deitzen da”

Mohamed Farajallaah eta Ibon Meñika.

2023ko urrian sortu zen Gernika-Palestina elkartea. Gernikako bonbardaketa sostengu izanda, Palestina jasaten ari den sarraskia salatu, eta palestinar herriarekiko babesa sustatzen duen elkartea da. Ibon Meñika da elkartearen ordezkarietako bat. Berarekin eta Mohamed Farajallah-rekin izan gara. Azken hau Zornotzan bizi den palestinarra da, eta bere herrian gertatzen ari dena kontatu digu gertu-gertutik.

Zergatik erabaki zenuten 2023ko urrian Gernika-Palestina elkartea sortzea?

Ibon Meñika: Palestinarrek bizi zuten egoeraren aurrean, zerbait egitera behartuta geundela sentitzen genuen. Euskal Herria eta Palestina lotzen gintuzten elementu jakin batzuk hautematen genituen, eta borroka honetan murgildu ginen. Bagenekien Euskal Herrian Palestinar kausarekin bat egiten duten milaka lagun geundela, eta hori baliatuz, babes olatu honi ekin genion.

Urri hartan gertatu ziren ekintzek ere izango zuten eragina, ezta?

Mohamed Farajallah: Inongo dudarik gabe. 2023ko urrian oso esanguratsuak, bortitzak eta konplexuak diren hainbat ekintza gauzatu zituzten israeldarrek palestinarren aurka. Horiei erantzun  bat emateko beharra azaldu zen gure artean, batez ere, ikusten genuelako Israelgo Estatuak Palestinan egiten zituen erasoek gerora egunez-egun genozidio integral baten forma hartu zuela. Hamarkadetan enkistatuta zegoen kausa bat fase berri baten aurrean aurkitzen zen, eta Euskal Herritik erreakzio sozial bat emateko monentua zela erabaki genuen. Testuinguru horretan sortu zen Gernika-Palestina, eta inondik inora ere ez genuen uste 2025an egoera honen aurrean egongo ginenik, tamalez.

Gernikako bonbardaketa erabiltzen duzue Palestinar kausarekin lotzeko. Zertan nabaritzen dituzue antzekotasunak?

I.M.: Sarraskiak pairatu dituzten herritarren artean lenguai unibertsal bat sortzen da. Horrek azalpen guztiak mahaigaineratzen ditu. Azkenengo urte eta erdian hainbat palestinar pasa dira gure elkartetik, eta eurekin gaudenean berresten da elkartasun sentimentu hori.

Alde batetik, nabarmendu behar da Gernikan orain dela 88 urte eragin zuten sarraskia bider 1000 ari direla jasaten palestinarrak. Hala ere, funtsak berdina izaten jarraitzen du. Alegia, herri baten suntsiketa sortarazteko operazio militar bortitza ematen ari dela. Atzoko Gernika gaur Gaza edo Palestina deitzen da.

Gure herriak sarraski hori jasan izanak erantzunkizun bat sortarazten dizue?

I.M.: Guztiz. Gure herriak eraso hori jasan izanak eragiten digu Gernikatik ahotsa altxatu eta indar gehiagorekin palestinarrak defendatzera. Artelan bati esker horren unibertsala izan zen gertaera bat oinarri izanda gainera, dugun bozgoragailua boterettsuagoa dela sinisten dugu. Gu ez gara beste batzuk baino bereziagoak, baina dugun bozgoragailua zertarako erabili nahi dugun oso argi dugu.

Gernikatik zabaltzen ditugun aldarriek indar bereziago bat dute. Behintzat, esanahia bereziagoa bat har dezaketela uste dugu. Guretzako, gauden lekutik ez egitea edota ez esatea ez da aukera bat. Iruditzen zaigu Gernikatik Palestinari egin dieziokegun ekarpen handiena gure ahotsa euren ondoan jartzea dela.

Elkarteak bizirik damaratzan urte eta erdi honetan, nola aldatu da egoera Palestinan?

M.F.: Palestinaren egoera ez da ezertan aldatu. Are gehiago, txarrerantz baino ez du egin. Zerbait aldatu bada, behar bada Palestinaren inguruan zegoen informazioa da. 2023ko urria baino lehen, Palestinaren historiak inor gutxiri ez zitzaion ardura. Guri asko kostatu zaigu gure herriak bizi izan duen egoeraren berri ematea, eta historian zehar gertatu dena azaltzea.

Nola izan zenuen Gernika-Palestina elkartearen berri?

M.F.: Elkartea sortu eta aste batzuetara Igor Otxoak aipatu zidan Pasealekuan Palestinaren aldeko mosaiko erraldoi bat prestatzen ari zirela. Egun horretan Gernikara hurbiltzeko gonbita luzatu zidaten, eta baiezkoa eman nuen. Une horretan konturatu nintzen Palestinan alde borrokatzen duen jendea badagoela. Mundu guztira zabaldu zen indar erakustaldi hori, eta guri ere indarrak eman zizkigun. Euskal Herrian Palestinaren  alde borrokatzen dela sentitzen dut, eta hori ikaragarri eskertzen dizuet. Gernika-Palestina bezalako elkarteek ematen digute aurrera jarraitzeko indarra. Hala ere, zaila egiten zait keinu horiek eskertzea, nire herritarrek bizi baituten egoera benetan latza baita. Hori bai, 10 urte atzera eginez gero, eta berriz Palestinatik irtengo banintz, Euskal Herrira bueltatuko nintzateke.

Palestinan gertatzen ari dena behar bezala informatzen dela sentitzen al duzu?

M.F.: Inondik inora ere ez. Hemengo herritar gehienek kontsumitzen dituzten komunikabideek ez dute egia kontatzen. Nahi dutena baino ez dute zabaltzen. El Correo, Telecinco eta tankerako komunikabideek ez dute benetako testuinguruaz hitz egiten.

Palestinara bueltatzeko aukera izan duzu. Nolakoa da egoera bertan?

M.F.: Zauden lekuan zaudela, israeldar okupak izango dituzu aldamenean. Bertara lehenengoz doan norbaitentzako harrigarria izan leike, izan ere, herri guztietan daude segurtasun harresiak, soldaduak etab. Hori beti izan da horrela, baina azkenengo bi urteetan txarrerantz egin du. Orain kontrol askoz handiagoa dago, etxera ez bueltatzeko arriskua areagotu egin da, eta dena dago itxita. Ezin daiteke bertan bizi, baina palestinarrak ez dira inoiz etsitzen, eta gure herria defendatzen jarraitzen dugu. Gure herria, esaterako, irailaren 1tik itxita dago. Ezin da inor sartu, eta izugarrizko kontrola ezarri dute sarreran. 24 orduetan daude soldaduak gure zain, eta egunean zehar gasezko bonbak jaurtitzen dituzte inor hurbildu ez dadin. Zoramena da.

Euskal Herrian Palestinan alde borrokatzen duzuen hainbat elkarte zaudete. Nolako da zuen arteko elkarlana?

I.M.: Gernika-Palestina testuinguru oso zehatz baten sortutako elkartea da. Bi-hiru urteko ibilbidera heltzen ez dan elkartea gara, eta lehenagotik beste hainbeste elkarte egon direlaren jakitun gara. Talde guzti horiei errespetuz begiratzen diegu. Hortik abiatuta, azkenengo gertaeren harira, elkarlanean aritzeko prestutasunari heldu diogu. Nolabait esanda, Gernika-Palestina herri honetan dauden sentsibilitate desberdinen bateratzaile izateko asmoagaz jaio zan. Helburu horri jarraituz, batzutan lortu dugu, eta beste batzuetan ez.

Euskalherritar askok erakusten dute Palestinan aldeko jarrera. Zergatik ematen da babes hori?

I.M.: Militantzian bizi izan garenok Palestina beti izan dugu gertuko kausa bezala. Herri zapaldu bat garela sentitzen dogun heinean, gainontzeko herri zapalduekiko elkartasun begirune sortzen zaigu, eta hortik sortzen da aipatutako elkartasun hori. Sahara edo Kurdistan bezalako adibideak jarri ditzazkegu borroka horretan. Palestinara bueltatuz, babes hori erakusteko ezaugarri berezi bat ematen da: bortizkeria jasangarria. Esperantza begiratzen dion herri bat da, bizi duten egoera bizita, eta euren ondoan egon behar gara une hauetan.

Nola bizi duzue egoera Euskal Herrian bizi zareten palestinarrok?

M.F.: Zinez gogorra da gure herria sufritzen ari denaz horrela informatzea. Ahal dugun heinean, egun esanguratsuetan elkartzen gara, eta indarrak ematen dizkiogu batak besteari. Hala ere, ni pertsonalki gogaituta nago. Jadanik ez naiz albistegietan sartzen, konturatu baitnaiz jendeari bost axola diola Israel egiten ari denak. Umeak hilda erakutsi ditugu, gure herriak nola suntsitu dituzten zabaldu dugu, eta hala ere jendeak ez du hatz bat mugitzen. Nik ezin dut egoera horrekin, eta ez dut ikusten aldatuko denik. Bateria mentala agortzen ari zaigu, eta geratzen zaizkigun indarrak gure artean komunikatu eta babesteko erabiliko ditugu.

Zenbaterainoko garrantzia izan leike kulturak borroka horretan?

I.M.: Gernikarrok horretaz asko dakigu. Gure herriko sarraskia unibertsalizatu bada, arteari esker izan da. Gaur da eguna herri honen izena munduan itoitzen baduzu, arteari esker erantzungo dizutela zer den eta zer gertatu zen. Artea arma oso boteretsua da, eta gure buruari galdetu behar diogu noren zerbitzura eta zeren zerbitzura jarri nahi dugun. Jende askorengana heldu, eta barrera pila bat gainditzeko aukera aparta eskaintzen du kulturak. Zoritxarrez, urteak pasako dira eta palestinarrek sufritzen jarraituko dute. Baina gaur egun sortuko diren arte esprezio guztiek azalduko dute iragana etorkizun batean.

Kultura euskarri hartuta, Euskal Herrian Jon Maia edota Itziar Ituño bezalako erreferenteak ditugu. Biek ala biek erakutsi duten Palestinan aldeko jarrera. Zelako garrantzia dauka oihartzun handia duten pertsonek Palestinan alde egiteak?

M.F.: Bozgoragailua duten pertsonek Palestinan gertatzen ari denaz hitz egiteak izugarri laguntzen digu palestinarrei. Itziar Ituño aipatu duzu. Mundu mailan erabateko arrakasta izan duen serie batean parte hartu du, eta hala ere, ez kausa sozialak babesten jarraitzen du. Badaki bere lana jokoan dagoela, baina bere balioak guztiaren gainetik jartzen ditu. Hori da behar duguna, eta faltan botatzen duguna. Sare sozialek agintzen duten garai hauetan, influentzerrek zenbakiak lehenesten dituzte borroken gainetik, eta inork ez du gure alde egiten. Jarraitzaileak sarraskien gainetik jartzeak barrutik hiltzen nau.