Bakearen aldeko ate sinboliko bat jarriko da Gernika-Lumon

Gernika-Lumoko Udalak lau metroko korten altzairuzko monumentu bat ipintzea bultzatuko dau herrigunean, 1937ko bonbardaketaren 89. urteurrenagaz batera.

Horrela. beste pauso bat emongo dau bere memoria historikoaren ereinketan, bakearen aldeko sarrerako ate bat irudikatuko dauen lau metroko monumentu bat ipinita. Egiturea korten altzairuz eginda egongo da eta El Puerto kalean kokatuko dabe, herrigunean bete-betean, esangura handiko inguru batean.

Haren hormetan ‘Memoria Demokratikoaren Lekua’ idatzia ipiniko dabe. Autortza horrek oroimenerako, gogoetarako eta balio demokratikoekiko konpromisorako gune moduan definitzen dau herria.

Egitasmoak 48.000 euroko aurrekontua dauka —zati bat Gobernu zentralak ordaindu dau (30.000 euro) eta gainontzekoa Gernikako Udalak eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak—, eta aurreikusita dago foru-herriak 1937ko apirilaren 26an Condor Legio alemaniarraren eskutik jasan eban bonbardaketa gogorraren 89. urteurreneko oroimen-ekitaldien barruan inauguratzea. Alkateak azpimarratu dauenez, ekimen honek asmo biori erantzuten deutse: gertatutakoaren oroimena gordetzea eta etorkizunera begirako mezua zabaltzea. “Herri honek jasan eban iragana ahaztu ez daiten egin da, baina baita bakerantz begiratuko dauen begirada zabaltzeko bere”, adierazi dau.

Pieza barria bonbardaketaren memoriari lotutako herri-ibilbide baten barruan sartuko dabe, Nestor Basterretxearen ‘Suaren agonia’ eskulturatik hur egongo baita (lehenengo bonba su-eragilea jausi zan tokian altxatutakoa). Ibilbide honek herri-gunea oroimen-leku bizi moduan ulertzeko bidea indartzen dau.

Jarduera hau Gernika-Lumo estatu-legeagaz bat datorren “Memoria Demokratikoaren Toki” moduan osatzen daben guneen zerrendara batuko da. Batzarretxea eta Gernikako Arbola, babeslekuak, Zalloko kanposantua edo Bakearen Museoa moduko elementuek gogorapen historikoa, pedagogia eta giza eskubideekiko konpromisoa buztartzen daben memoria-sarea sendotzen dabe. Era berean, Europako Herrien Parkeak (Eduardo Chillida eta Henry Mooren lanakaz) edo Gernika Gogoratuz ikerketa-zentroak osatzen dabe herriaren nortasuna oroimenaren, bizikidetzaren eta bakearen ikur moduan mundu osora zabaltzen dauen sarea.