Bermeoko herriak jai usaina nabarituko dau uztailaren 21ean urteroko tradizioari jarraituz Baztarreko jaiek zabalduko dabezelako Madalen Egunaren atarikoak. Baztarreko Katuak alkarteak, Bermeoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzeagaz, adin guztietarako ekintzez beteriko egitarau zabala prestatu dau auzoa bizitasunez janzteko.
Goizeko lehen orduetatik aurrera, herriko umeak izango dira protagonistak Baztarren. Goizeko 10:00etatik 13:30era txokolatadea eta jolasak egongo dira txikienen gozamenerako, eta 11:00etan Double Bill konpainiaren Two Much Circus ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dabe bertaratzen diran familiek.
Arratsaldean, jai giroak indar handiagoa hartuko dau 19:00etatik aurrera bigarren txupinazoagaz eta Kankinkabara Txistu Taldearen kalejiragaz. Ostean, Kanta Kanta Lorue taldearen doinuek eta Chris & James bikotearen folk irlandarrak girotuko dituzte auzoko txokoak, gaueko 21:00etan Mikosis eta Ezta Ilen taldeen kontzertu sakonekaz eguna borobiltzeko
Jaiak modu egokian eta seguruan igarotzeko, udalak jakinarazi dau trafiko mozturak egongo direla auzoan. Gauzak horrela, Aurrekoetxea kalea (34-47 zenbakiak), Talakoetxea kalea (1-24 zenbakiak) eta Baztarre bera ibilgailuentzako zarratuta egongo dira uztailaren 21eko goizeko 08:00etatik uztailaren 22ko goizeko 01:00era arte.



