Santa Eufemia parrokia zaharbarritu ebenean, lekuz aldatu bai, baina gorde egin eben Begoñako Andra Mariari bermeotarrek eskeinitako margolan edo koadro erraldoia. Goian nabarmen agertzen da data: MCMIII (1903). Urte horretan izendatu eban aita santuak Begoñako Andra Mari Bizkaiko zaindari lez. Hori dala-eta, kanpaina zabala egon zan Bizkaian katolikoek hori aintzat hartzeko pozarren, eta antiklerikalak, ostera, horren kontra agertu ziran.
Begoñako amabirjinaren irudia herriz herri ibili eben, Bizkaiko zaindaria zala gogoratu eta ospatuz. Bermeon eta inguruan be ospakizun handia izan zan. Hau dala eta, datozen egunetan jaia barriro be gogora ekartzeko aukera egongo da: domekan, urriak 11, eguerdiko 12:00etan, jai hau ospatuko dabe barriro be bermeotar eliztarrak Santa Eufemia parrokian.
‘La Begoñada’ eta istiluak Bilbon
Bilbon gertatu ziran istilurik handienak. Batzuek erromeria handia deitu eben Begoñaraino, eta balkoi zein leihoak banderolaz apaintzeko deia egin eben. Beste batzuk kontra oldartu ziran, probokazio bat zala iritzita. Istilu ugari gertatu zan: etxeen hormatako santutxu asko errekara bota ziran eta apaindura erlijiosoak kendu etxe batzuetako balkoi zein leihoetatik. Sasoiko egunkariek eta alderdi politikoek irakurketa ezbardinak egin ebezen, bakoitza bere aldetik, jakina.
Horrez gain, kanta bat be badago, edadeko bermeotarrek gogoratzen ebena, Begoñako amaren etorrerea goraipatzeko:
“Bermiotarrak poztu zaiteze Ikusirik mirari hau Guztion Ama, Begoñakua Hara hor zeure aurrian”
Margolan edo koadro eder hau oparia izan zan egun hareek gogoratzeko, poza adierazteko eta parrokiaren onerako. Horra hor “Begoñako Amari Bermeotarrak” koadro azpian irakurri daikegun eskeintza.



