Uztailaren 22an, urtero legez, Bermeok berebiziko hitzordua izango dau bere historiaregaz eta itsasoagaz Madalen Eguneko ospakizun handian. Jai herrikoi eta kultural honek Izaro uhartearen inguruko muga historikoak berritzeko ekitaldi instituzionala eta herritarra dakar berriro be gurera, belaunaldiz belaunaldiko tradizioari tinko eutsiz.
Aurten, itsasora jaurtiko dan teilak esanahi sakona eta hunkigarria izango dau Bermeoko gizartearentzat. “Alkartasunien ospatuz” izenagaz bataiatu dabe pieza, eta Benito Barrueta Arte Elkarteko Rosa Mari Gabantxok margotu dau akrilikoagaz, herriko lau talde garrantzitsuren urteurren esanguratsuak gogoratzeko eta omentzeko asmoagaz.
Ekimen honen bidez, Alkartasuna Dantza Taldearen berrogeita hamargarren urteurrena, Erraldoien Konpartsaren hogei urteak, Bermeoko Abesbatzaren zazpiko hamarkada eta Benito Barrueta Arte Elkartearen beraren hirurogeita hamabosgarren urteurrena goraipatuko dira. Taldeotako ordezkariak udalbatzagaz batera joango dira ontzian ekitaldi instituzionala bertatik bertara bizitzeko.
Protokoloa eta jai giroa uztartzen dituen ibilbidea
Eguna goizetik hasiko da Kankinkabara Txistu Taldearen doinuekaz Goiko Plazan, eta alkate soinua entzun ostean, udalbatzak porturako bidea hartuko dau Madalen zortzikoa entzuten dan bitartean. Eguerdiko hamabiak aldera hasiko da itsas jaia portuko izotz fabrikaren aurrean, eta Izarora heltzerakoan, alkateak teila jaurtiko dau ohi dauen legez, herriko mugak gogoratuz. Zozketa bidez aukeratutako hamabi herritarrek ere ekitaldia barrutik ezagutzeko aukera izango dabe aurten.
Geroago, ontziak Elantxoberantz abiatuko dira eta bertan Alkartasuna Dantza Taldeak ohorezko aurreskua eskainiko dau herriko plazan. Arratsaldean, Mundakatik pasatu eta gero, talde guztia Bermeora bueltatuko da iluntzeko zazpi t’erdietan, Betijai fanfarrearen laguntzeagaz Goiko Plazara igotzeko eta jaiari amaiera bikaina emoteko San Migeleko eskaileretako beherakadan.
Segurtasuna eta aurreko eguneko motorrak piztea
Jaiak seguruak eta garbiak izateko, udalak gogoratu dau lau metro baino gutxiagoko itsasontziek edo arraunekoek ezin izango dabela parte hartu itsasbidean, eta portuan sartzeko maniobrak modu mailakatuan egin beharko direla. Gainera, Portuzarrean puntu segurua egongo da gauean eraso sexisten aurkako informazioa eta laguntza emoteko, herritar guztiei errespetuz jokatzea eskatzen jaken bitartean.



