Bermeok Araudi Plana barriarekin udal erregelamendu eta ordenantzak berrikusiko dauz

Bermeoko Udalak aho batez onartu eban 2026ko Araudi Plana joan den asteko osoko bilkuran. Plan horren bidez, 2026. urtean zehar indarrean dagozen udal erregelamendu eta ordenantza batzuk berrikusi, eguneratu eta egokitu egingo dira, eta, aldi berean, behar berriei erantzuteko ordenantza eta erregelamendu berriak onartzea aurreikusten da. Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk adierazi dau, “beti legearen aginduz gardentasuna eta parte-hartzea” izango direla plan honen ardatz nagusiak.

Alkatearen esanetan, 2026rako aurreikuspena “asmo handikoa” da, gaur egungo errealitate sozial, ekonomiko eta urbanistikoetara egokitzeko beharra dauken arau ugari berrikustea aurreikusten delako. “Hainbat ordenantza aldatu behar doguz. Kasu batzuetan gabeziak dagoz, eta beste batzuetan uste dogu gaur egungo errealitatera egokitu behar direla”, adierazi dau. Bermeoko Udalak onartuta dauzen arauen artetik, 2026an, 11 dira aldatu nahi direnak, eta 12 dira, berriz, Bermeoko Udalak urte honetan izapidetu eta onartu gura dabezn arauak.

Araudi Planaren barruan, Bermeoko oinezkoen gunea antolatzeko ordenantza berrikustea aurreikusten da, Alde Zaharrean ematen diren baimenen azterketa sakona eginez, lokal hutsen jabeei sartzeko aukerak errazteko, xedatu brik dagozan etxebizitza turistikoen erabilerak arautzeko eta, baita asteburu eta jaiegunetan portu zaharrera ibilgailuen sarbidea mugatzeko ere. Era berean, Bermeon animaliak eukitzea eta babestea arautzen dauen ordenantza eguneratuko da, animalien eskubideak eta ongizatea bermatzeko, martxoaren 28ko 7/2023 Legearekin bat etorriz.

Horrez gain, espazio publikoetan terrazak jartzeari buruzko udal ordenantza berrikusiko da, azken urteotan espazio publikoan ezarritako terraza kopuruak izan dauen hazkunde nabarmenari erantzuteko, eta espazio publikoaren erabilera ordenatua, orekatua eta interes orokorrarekin bateragarria bermatzeko. Bestalde, Bermeoko Udal Azokaren Ordenantza eguneratuko da, udal azokaren erabilera eta kudeaketa arautzen dauzen xedapenak gaur egungo beharretara egokitzeko, bereziki postuen emakidei eta ustiapenari dagokienez, egungo araudiak ez dauelako behar moduan bermatzen postuen esleipena eta funtzionamendu egokia.

Araudi Planak, halaber, partaidetzari buruzko ordenantza berri bat jasotzen dau, udalak sustatzen dauzen prozesu parte-hartzaileak arautu eta lankidetza-dinamikak udal jardunean modu egituratuan txertatzeko, gaur egun arlo horretan araudi espezifikorik ez dagoelako eta funtzionamendu bateratu eta sistematikoa bermatzeko beharra dagoelako. Horrez gain, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Udal Ordenantza onartzea aurreikusten da, nazioarteko, Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko araudiaren esparruan, emakumeen eta gizonen berdintasunak udalerrietan izan beharreko araubide juridikoa ezartzeko, eta udalaren antolaketa eta funtzionamendua berdintasunaren arloan behar bezala araututa eta jasota gera dadin.

Bermeoko alkateak azpimarratu dau 2026ko Araudi Plana tresna estrategikoa dela Bermeo gaur egungo erronketara egokitzeko, eta honakoa adierazi dau: “Helburua da araudia errealitate berrietara egokitzea, udalaren funtzionamendua hobetzeko eta herritarren beharrei erantzun eraginkorragoa emoteko”.

Ildo horretan, Bermeoko Udalak bere konpromisoa berresten dau udal kudeaketa modernizatzeko, espazio publikoaren erabilera ordenatzeko, ongizatea eta berdintasuna indartzeko, eta herritarren parte-hartzea sustatzeko.