Bermeoko Zesta Eskolak prest dauka dana denboraldiari amaiera bikaina emoteko. Aurton be, herriko frontoiak ateak zabalduko dautsez kirol honi Bermio Uria II Jai Alai txapelketagaz, harrobia zein zesta puntaren etorkizuna indartzeko asmoz.
Guztira 15 zesta eskoletako 80 puntista inguru bilduko dira. Abuztuaren 28, 29 eta 30ean jokatuko dira partiduak, benjaminetatik hasi eta kadete-gazteen mailaraino. Kirola sustatzeaz gain, elkar ezagutzea eta zesta puntari aupada sendo bat emotea da helburu nagusia.
Euskal Herriko zein kanpoko hainbat txokotako pilotariak hurbilduko dira. Tartean izando dira Andoain, Bermeo, Berriatua, Durango, Hossegor, Airean-Gasteiz, Hondarribia, Gernika, Gethary, Lekeitio, Markina-Xemein, Mutriku, Paue, Tolosa eta Zumaiako eskolak.
Udalaren eta tokiko negozioen laguntzagaz antolatu da ekimena. Antolatzaileek eskerrak emon gura deutsez babesle guztiei: Bermeoko Udala, ALAKRANA, Biluzik Brand, Larrauri Anaiak Tailerra, Baserri Harategia, Artza Frontoiko Taberna eta Chicago English Academy.



