Bermeok Bitor Uriarte Anasagasti ‘Seme Kuttun’ izendatuko dau

Joan den ekainaren 17an Bitor Uriarte Anasagasati hil zen. Hori dela eta, gaur Nadia Nemeh Shomaly alkateak herriko Osoko Bilkuran jakinarazi dauenez, Udal Gobernuak Bermeoko Seme Kuttun izendatzeko espedientea abiarazteko erabaki irmoa hartu dau, Gobernu Taldearen izenean bere oroimenezko esker eta aitortza hitzak zabaltzeagaz batera. Historialari, irakasle, zinegotzi eta herrikide fin honek bere bizitzako urte asko eta indar handia emon ebazan herriko memoria arakatzen eta belaunaldi berriei ezagutarazten, herriko nortasunaren oinarriak betiko finkatuz.

Alkateak azaldu dauenez, Bitorrek bere bizitzaren zati handi bat Bermeoko historia ikertzen, ezagutarazten eta zabaltzen eman eban, eta belaunaldi askori herri honen memoria eta ondarea ezagutzen lagundu jakien “Guk lankide bat galdu dugu. Udal honetan urte luzez herriaren alde lan egin dauen pertsona bat. Baina Bermeok ere galera handia euki dau”.
Nabarmendu dauenez Bitorren ekarpena ez zen bere jarduera profesionaletara mugatu, eta herriaren zerbitzura jarri ebala beti bere jakintza eta esperientzia “ezagutza ez eban beretzat gordetzen; bermeotarrekin partekatzen eban, herri honi euki eutson maitasunagatik eta bere lanarekiko euken begiruneagatik”.
Era berean, herrigintzan eta jardun politikoan izan eban konpromisoa azpimarratu du, baita bere balioei eta sinismenei azken unera arte eutsi izana ere “bere ideiei leial bizi izan zen, eta bere balioei leial joan jaku. Azken unera arte eutsi eutsien sinesten ebazan printzipioei: justizia sozialari, euskarari, kulturari eta herri honen etorkizunari”.
Bitorren ibilbidea eta Bermeori egindako ekarpena aintzat hartuta, Udal Gobernuak Bermeoko Seme Kuttun izendatzeko espedientea hastea erabaki duela jakinarazi dau. Alkatearen hitzetan, “Bermeok bere historiaren zaindari handienetako bat galtzen dau; bere memoria maite eta zaindu zuen gizona”.
Bermeoko Udalak bere doluminik zintzoenak helarazi nahi dautsez Bitorren senide, lagun eta gertuko guztiei “Bitorren izena, lana eta ondarea Bermeoko historiaren eta bihotzaren parte izango dira beti”.