Apirilaren 15etik aurrera, Bermeo udalerrien arteko kirol-ligan lehiatuko da, herritarren parte-hartzea eta bizimodu osasuntsua sustatzeko helburuz.
Bermeok urrats sendoa emon dau jarduera fisikoaren sustapenean, eta helburu argia dauka: Bizkaiko udalerririk aktiboena bilakatzea Kirolur 2026 Erronkaren baitan. Bizkaia 2026ko Europako Kirol Lurraldea izendatu izanik bultzatuta, Bermeoko Udalak herritarrei dei egiten deutse ekimen honetan parte hartu daien, komunitatearen kohesioa eta ongizate fisikoa indartzeko asmoz.
Udalerrien arteko kirol-liga hau ez da egun bakarreko lehiaketa hutsa; aitzitik, urtean zehar garatzen dan erronka egituratua da, hiru fasetan banatua: udaberrikoa (apirilaren 15etik maiatzaren 17ra), udakoa (ekainaren 15etik uztailaren 15era) eta udazkenekoa (irailaren 23tik urriaren 23ra, Europako Kirol Astearekin bat eginda).
Parte-hartzea zabalik dago 14 urtetik gorako edonorentzat, eta ez da beharrezkoa Bermeon erroldatuta egotea; nahikoa da herriarekiko lotura edo atxikimendua sentitzea. Horrek aukera ematen dau Bermeoko komunitatea geografikoki zabaltzeko eta kirolaren bidez lotura berriak ehuntzeko.Erronkaren bereizgarrietako bat ekitatearen aldeko apustua da. Izan ere, jarduera mota desberdinak —oinez ibiltzea, korrika egitea edo igeriketa, besteak beste— modu orekatuan baloratzen dira, ponderazio-sistema baten bidez.
Halaber, udalerrien arteko lehia bidezkoa izan daiten, biztanleria-koefiziente bat aplikatzen da, tamaina desberdineko herriek baldintza berberetan lehiatu ahal izan daiezan.Parte hartzeko, erabiltzaileek Wellk aplikazioa deskargatu eta bertan erregistratu behar dabe; ondoren, erronken atalean Bermeoko taldea hautatuta, eguneroko jarduera fisikoa erregistratu ahal izango dabe, aplikazioaren GPS sistemaren bidez edo beste gailu batzuekin sinkronizatuta.
Ekimenak sari-sistema erakargarria ere badauka. Alde batetik, gutxienez 150 puntu eskuratzen dituezan parte-hartzaileek erronkaren merchandising ofiziala jasotzeko aukera izango dabe, eskuragarri dagozan unitateak agortu arte. Bestetik, Bermeok sailkapenean postu nabarmenak lortuz gero, udalerriarentzat dirulaguntzak eskuratuko dira, tokiko kirol-klubentzako materiala erostera bideratuko diranak.
Bermeoko Udalak herritarrak animatu nahi ditu parte hartzera: “Eman izena eta jarri balioan kilometro bakoitza”. Helburua argia da: Bermeo Bizkaiko bihotz aktibo bihurtzea, kirolaren eta elkarlanaren bidez.Aplikazioari edo parte-hartzeari buruzko zalantzak argitzeko, interesa daukatenek kirolurerronka@wellk.eus helbidera idatzi daikie edo www.wellk.eus webgunea kontsultatu.





