Bermeoko Jare-Lorea mezenas-lursailak «Kubaren alde abesten» musika-topaketa solidarioa hartuko dau abuztuaren 30ean, domeka arratsaldean, 18:00etatik aurrera. Ekimen honen helburu nagusia Kubako osasun-zerbitzuak indartzeko dirua batzea da, Uharteko ospitaletan eguzki-panelak jarri ahal izateko.
«Musikak batu egiten dau, elkartasunak eraldatu» lelopean, Euskadi-Cuba GKEak kudeatuko dau batzen den diru guztia. Proiektu honegaz «Argia eta Indarra Kubarentzat» kanpainari jarraipena emango jako. Lehenengo fasean, Euskal Herriko jende eta kolektiboen 1.255 ekarpeni esker, 245.000 euro inguru bildu ziran. Diru horregaz Habanako William Soler Pediatrikoari energia solarra eroatea lortu da, eta lehenengo instalazioaren muntaia irailean amaitzea aurreikusten da.
Sarrerak 20 euroko prezioa dauka eta antolatzaileek herritarrak parte hartzera gonbidatzen dabez, musika gozatzeaz gain elkartasun topagune indartsua sortzeko asmoz. Erreserbak egiteko zein informazio gehiago jasotzeko, 639 907 594 telefonora deitu ahal da. Ekitaldia AEBko gobernuak ezarritako zigor ekonomiko zein blokeoaren eragina jasaten daaben ugarteko funtsezko zerbitzuei babesa adierazteko ekimenen barruan kokatzen da.



