Bermeok nazioarteko zein bertako musikari nagusiak batuko dauz XLI. Musika Astean

Abuztuaren 2tik 6ra bitartean, Santa Maria elizak ateak zabalduko dabez sarrera doakoa daben kalitate handiko kontzertuak eskaintzeko.

Kultura-proposamen indartsuagaz dator Bermeo udako egun honeetan. Udalak antolatuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz eta Oizmendi Telebistaren laguntzagaz, Bermeoko XLI. Musika Astea ospatuko da abuztuaren 2tik 6ra bitartean. Emanaldi guztiak arratsaldeko 20:00etan hasiko dira Santa Maria elizan, eta nahi dauen guztiak sartu ahalko da doan. Elizaren akustika paregabeak berriro be musika klasikoaren erdigune bihurtuko dau herria.

Hau da Bermeoko Udaleko Kultura Sailak martxan daukan egitaraurik zaharrena eta errotuena. Lau hamarkada baino gehiagoko ibilbidean, herritarren babes osoa lortu dau egitasmoak, eta aurtengoan be estilo ezberdinetako proposamenak uztartuko dira.

Tokiko erreferenteak eta nazioarteko izarrak

Hasiera guztiz berezia izango dau jaialdiak abuztuaren 2an. Bermeoko Abesbatzak bere 70. urteurrena ospatuko dau agertokian, Bakioko Abesbatzagaz eta Aiarako Musika Bandagaz batera. 1956an sortutako talde honek ezinbesteko lana egin dau belaunaldiz belaunaldi euskal kantuaren transmisioan.

Ondorengo egunetan be ez da mailarik jaitsiko:

  • Abuztuak 3: Ahaire Eho Flute Quartet laukoteak emanaldi murgiltzailea eskainiko dau, flauta bidez ikusleekiko lotura emozionala bilatuz.

  • Abuztuak 4: Julian Kainrath biolinistak eta Anton Gerzenberg pianistak (nazioarteko sari garrantzitsuen irabazleak) mundu mailako errezitala eskainiko dabe.

  • Abuztuak 5: Aralar Quartet laukote nafarrak errepertorio klasikoa eta egungo proposamenak hurbilduko dauz publikora.

  • Abuztuak 6: Silboberri txistu taldeak emango dautso amaiera asteari. Tartean, Bermeoko frantziskotarrekin bizi den Felix Ibarrondo konpositorearen bi pieza joko dauz.

Bermeoko Udalak herritar zein bisitari guztiak gonbidatu gura dauz Santa Maria elizara hurbiltzeko eta musika-esperientzia paregabe honetaz gozatzeko.