Bermeok udazkeneko ekimen feministaren egitarau zabala aurkeztu dau

Udazkenean ahalduntzea eta daborduko abian dagoen eraldaketa feministari heltzeko aukera paregabea eukiko dabe Bermeoko emakumeek. Bermeoko Udaleko Berdintasun Sailak udazkeneko egitarau zabala aurkeztu dau, urritik abendura bitartean autonomia, osasuna, kontsumo-ohiturak zein literatura ardatz izanda.

Egitarauaren barruan, data garrantzitsu bat markatu dabe egutegian: urriaren 17an, 10:30ean, Ahalduntzerako Gune Feminista elkarrekin eraikitzeko asanblada irekia egingo da udal azokan. Bertan, Bermeoko herritarrek aukera euki dabe etorkizuneko gunearen izaerari, erabilerei zein lehentasunei buruzko ekarpenak egiteko eta proiektuaren bide-orria adosten hasteko.

Ikastaroak eta tailer praktikoak

  • Biziraupenerako Brikolajea II: Daborduko martxan dago eta azaroaren 17ra bitartean egingo da. Tresna elektrikoak erabiltzen zein etxeko ohiko konponketak egiten ikasteko aukera eskaintzen dau.

  • Ehungintza eta kontsumo-ohiturak: Arropa berrerabiltzeko zein eraldatzeko teknikak irakatsiko dira. Tailer honek hausnarketarako tartea ere zabalduko dau arropa merkearen atzean dagoenaz galdetzeko. Azaroaren 12an, 19an eta 26an izango da (18:00etatik 20:00etara) Gizarte eta Kultura Etxean.

  • Menopausia eta perimenopausia (Elikaduraren bidez ongizatea zaintzen): Abenduaren 10ean eta 17an egingo da. Aldaketak eta elikadura-zalantzak argitzeaz gain, elkarrekin errezetak prestatuko dabez.

Irakurle Txoko Feminista

Nagore Fernandez Zabalak gidatuta, hilean behin literatura eta generoa gizartean daukan eragina aztertzeko elkartuko dira:

  • Urriaren 28an: Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori.

  • Azaroaren 25ean: Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik.

  • Abenduaren 16an: Samara Velteren Eta Karmele?.

Horrez gain, Berdintasun Saila Bermeoko zaintza-diagnostikoa, I. Zaintza Plana, zein Puntu Seguruen Sarea zabaltzen ari da, azaroan taberna eta saltokien mapa barria aurkezteko asmoz.