Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk bertatik bertara egiaztatu dabe Iparragirre kaleko eta Txibitxiaga taldeko zazpi eraikinetako 76 etxebizitzatan egiten ari diren hiri-berroneratze eta birgaitze integraleko obren aurrerapena, Kurtzio, Zarragoitxi eta Itxasbegi auzoen esparruan, udalerriaren goialdean kokatutako bizitegi-eremuetako batean. Bisitak balio izan dau, halaber, iragartzeko udalerriak eremu tentsionatu izendatua izateko eskatuko dauela, eta jakinarazteko Udala eta Visesa lanean ari direla Kaltzadape kalean -bidegorriaren hasieran kiroldegirantz- alokairu orokorreko 52 BOE eraikitzea sinatzeko.
Hiri-berroneratzeko proiekturako inbertsioa guztira 8.069.676,29 eurokoa da, eta lau jarduketa-ildo nagusitan egituratuta eta administrazioen eta inplikatutako auzoetako bizilagunen arteko lankidetzan oinarrituta dago. Eusko Jaurlaritzak, IEEP Inbertsio Estrategikoen Erakunde arteko Planeko laguntzaren eta beste funts batzuen bidez, 6.082.879,99 euro jarri dauz -guztizkoaren % 75-, honela banatuta: eraikinak birgaitzea, berrurbanizatzea, Opengela eta esku-hartze paisajistikoak. Bestalde, Bermeoko Udalak hiri-ingurunea hobetzera bideratutako 163.239,16 eurorekin parte hartzen dau, eta etxebizitzen jabeek 1.823.557,14 euro hartzen dabez beren gain eraikinak sakonean birgaitzeko.
Denis Itxasok adierazi dauenez, “bizilagunen ekarpen hori, bi milioi euro ingurukoa, proiektuaren funtsezko zutabeetako bat da, eta komunitateek beren higiezinen energia-efizientzia, irisgarritasuna eta eraikuntza-kalitatea hobetzeko daukien zuzeneko konpromisoa islatzen dau”. Eta jarduketa estrategia zabalago baten barruan kokatu dau, honako hau aitortuta: “gure herri eta hiri askotan honelako auzoak aurkitzen doguz, eraikinen parke zahartuarekin eta modu integralean esku hartzeko premia argiarekin”.
Sailburuak azaldu dauenez, “ez dira fenomeno puntualak, hamarkadetan eraikitako prozesu estrukturalak baizik. Eraikin batean bakarrik jardutea ez da nahikoa. Hiri-berroneratzea politika publiko integraltzat eta epe luzerakotzat ulertu behar da”.
Nadia Nemeh Shomaly alkateak, bestalde, herritarrek obrak egin bitartean izandako jarrera aintzatetsi nahi izan dau. “Badakigu obrek eragozpenak eta deserosotasunak eragiten dabezela egunerokoan. Eskerrik asko zuen pazientziagatik eta ulermenagatik”, adierazi dau, eta ziur agertu da azken emaitzak “bizi-kalitate handiagoko auzo jasangarriagoak” eskainiko dabezela, egungo eragozpenak konpentsatuko dituztenak.
Programak, hirigintza-dimentsioaz gain, prestakuntza eta gizarteratze soziolaboraleko proiektu bat barne hartu dau. “Hamabost lagunek 12 hilabeteko ibilbide batean parte hartu eben, hasierako bi hilabeteko prestakuntzarekin eta hamar hilabeteko prestakuntza-kontratuarekin, herrian hobekuntza-lanak eginez. Espazioak eraldatzeaz gain, pertsonen ahalmenak indartu doguz, lan-esperientzia eskaini dogu eta aukerak sortu doguz”, adierazi dau.
Azken batean, alkateak azpimarratu nahi izan dau hiri-berroneratzea ez dela soilik hormak eta zoladurak berritzea, komunitatea indartzea eta pertsonen bizi-baldintzak hobetzea baizik”, eta nabarmendu dau, oraindik ere, erakundeen eta gizartearen arteko lankidetza izango dela funtsezko tresna bide horretan.
Bisitan izan dira, halaber, Juan Carlos Abascal Lurralde Plangintzako eta Hiri Agendako sailburuordea, Ana Telleria Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendako zuzendaria, Fernando Vázquez de Prada Hiria Berroneratzeko zerbitzuko arkitektoa, Asier Idoiaga Udaleko Hirigintzako teknikaria, Santi Murua Beruala sozietate publikoko zuzendaria, Opengelako teknikariak (hurbiltasun-bulegoa), proiektuaren bi zuzendaritza fakultatiboetako ordezkariak —IP Arquitectura y Urbanismo eta Clave Arquitectos enpresetakoak— eta Txibitxiaga Iparraguirre ABEE kontratistakoak —Ekora Rehabilitación SL eta Geonor Reformas y Construcciones SL sozietateek osatutako elkartekoak—.





