Bermeoko Areneko kiroldegia itxita dago egunotan, baina barruan lanean ari dira

Irailaren 1ean itxi ebazan ateak Areneko kiroldegiak publikoarentzat, baina barruan jarduera ez da gelditu. Mantentze-lan garrantzitsuak egiten ari dira instalazioak irailaren 17an berriro martxan jartzeko.

Itxiera hau aprobetxatuta, Udalak urrats eraginkorra eta jasangarria emotea erabaki dau: igerileku handiko ura berrerabiltzeko sistema jarri du martxan. Azken aldian uraren murrizketak direla eta, herriko kaleak baldeatzea eta beste zerbitzu batzuk bermatzea zailagoa izaten ari denean, orain arte hustu eta galdu egiten zen urari beste erabilera bat emongo jako.

Guztira, igerileku handiko 500.000 litro ur inguru berrerabiliko dira. Ur hau ez da alferrik galduko eta herriko kaleak garbitzeko bideratuko da ur gehiago behar izaten den garaian, bereziki, herriko jai nagusietan.

Ateak berriro zabaltzeko eguna zehaztuta dago dagoeneko: Areneko kiroldegia irailaren 17an, goizeko 07:00etan, zabalduko da barriro erabiltzaileentzat. Bitartean, langileek mantentze-lanekin ekinean jarraituko dabe dena prest egoteko.