Bermeon Bermeoko Emakumeen Memoria Bizia proiektua jarri dabe martxan, eta aurkezpena otsailaren 5ean, eguenean, 18:00etan egingo da, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. Saioa irekia izango da, eta 65 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago.
Proiektuak emakumeen memoria kolektiboa berreskuratu, ikusarazi eta komunitatearen esparruan aktibatzea dauka helburu, 65 urtetik gorako emakumeen bizipenak eta oroitzapenak ardatz hartuta. Emakumeen argazki-album pertsonalak, bizitza-kontaketak eta sorkuntza kolektiboko tresnak hartzen dauz abiapuntu, memoria intimoa esparru publikora eroateko eta ikuspegi feminista, sentikor eta testuinguruan errotua garatzeko.
Bermeoko Emakumeen Memoria Bizia ekimena ELLAS izeneko proiektu zabalagoaren barruan kokatzen da. Euskal Herriko hainbat herritan garatutako esperientzia horrek emakumeen memoriari aitortza publikoa emotea eta ardatza kontakizun historikoki isilaraziak ikusgarri egitea izan da, betiere tokian tokiko errealitateetara egokituta.
Bermeoko proiektua ikuspegi transbertsaletik landuko da, eta hainbat arlo uztartzen dauz: berdintasuna, kultura, gizarte-ekintza, herritarren parte-hartzea, hezkuntza ez-formala eta ondare immateriala. Helburuen artean dagoz belaunaldien arteko transmisioa sustatzea, harreman komunitarioak sendotzea eta emakumeen ekarpena herriaren memoria kolektiboaren parte gisa aitortzea.
Proiektua urte honetan zehar garatuko da, eta bi fasetan antolatuko da. Lehen fasean, 65 urtetik gorako emakumeekin egingo diren oroitzapen partekatuko tailerrak izango dira ardatz. Tailer horreek entzute aktiboan, talde-lanean eta esperientzien trukean oinarrituko dira, memoria kolektiboa lantzeko ez ezik, harremanak sendotzeko eta komunitate-loturak indartzeko espazioak sortuz. Bigarren fasean, egindako lanaren itzulera publikoa egingo da, aurreko prozesutik abiatuta adostutako formatuan.
Proiektua Punto Gorria Kultur Elkarteak sustatzen dau. Diziplina anitzeko elkarte honek arte garaikidea, artxibo-lana, bitartekaritza kulturala eta aktibazio komunitarioa uztartzen dauz.
Bermeoko Udaleko Berdintasun zinegotzi Arantza Ormaza Tarantinok proiektuaren garrantzia azpimarratu dau, eta herritarrak deitu dauz parte hartzera: “Bermeoko Emakumeen Memoria Bizia proiektuak gure herriaren historia beste begirada batetik ulertzeko aukera ematen dausku. Belaunaldi oso batek bizitakoa entzutea ezinbestekoa da memoria kolektiboa osatzeko, eta bereziki garrantzitsua da emakume horiei ahotsa eta espazioa ematea. Herriko 65 urtetik gorako emakume guztiak animatu nahi doguz parte hartzera, euren oroitzapenek Bermeoren historia aberasten dabelako”.
Otsailaren 5eko aurkezpena proiektuaren abiapuntua izango da Bermeon. Bertan azalduko dira lan-ildo nagusiak, erabiliko den metodologia eta parte hartu nahi daben emakumeek izango dabezen aukerak. Saioaren amaieran, galderak egiteko eta solasaldirako tartea ere egongo da.





