Bermeoko mendi bizikleta martxak helburuak bete dauz eta 3.125 euro batuko dauz Aspanovasentzat

Matxitxako TKT alkarteak pozik egoteko arrazoi ugari daukaz asteburu honetan ospatutako IV. Serrats Aldapa Xtrem martxaren ostean. Antolakuntzak agertu dauen moduan, kirol ekitaldiak aurreikusitako parte-hartze datuak bete dauz eta, guztira, 290 txirrindulari batu dira Laburre eta Luzie ibilbideen artean, erdia inguru modalitate bakotitzean. Gainera, aurten lehenengoz martxan jarritako bikotekako modalitateak be harrera bikaina izan dau, 23 bikotek parte hartu dabe-eta. Giroak be asko lagundu eban egunean zehar, eta txirrindulariek eskertu egin eben eguraldi ona.

Segurtasuna beti da lehentasuna Matxitxako TKTrentzat, eta zentzu horretan be balorazinoa oso positiboa da. Mendi bizikletan ohikoak diran eroriko txikietatik haratago, ez zan ezbehar larririk egon eta ez zan inor ospitalera eroan behar izan. Antolatzaileek argi itxi gura izan dabe hau guztia ezinezkoa litzatekeela borondatezko langileen eta babesleen laguntza barik. Aurten, 200 bermeotar baino gehiago aritu dira beharrean musu-truk, eta alkartearen helburua talde hori guztia etorkizuneko edizioetarako fidelizatzea da.

Parte-hartzaileen aldetik jasotako erantzuna be bikaina izan da, bai bertan eta baita sare sozialetan be. Kanpotik etorritako jende askok eskerrak emon deutsoz Matxitxako alkarteari eta Bermeo osoari, ez bakarrik martxeagaitik, baita herrian igarotako asteburu osoagaitik be. Ibilbidea, ano-postuak, bidegurutzeetako laguntza eta seinaleztapena oso ondo balioztatu dabez. Hala ere, antolakuntzak gogorarazi dau horrelako proiektuek erakundeen eta federazinoen inplikazino handiagoa behar dabela aurrerago be bideragarriak izateko. Bestalde, pozgarria izan da emakumeen parte-hartzeak gora egin dauela ikustea, txirrindulari komunitatean lekua irabazten doazen seinale.

Kirol zehaztasunaz haratago, edizio honek bi une hunkigarri eta esanguratsu itzi dauz. Alde batetik, Julen Zuberori egindako omenaldia eta maitasun adierazpena; txirrindulariak istripu larria izan dau berriki eta suspertze bidean dago, eta lasterketan bildutako guztiek indarrik handiena bidali gura izan deutse berari zein bere familiari. Bestetik, Serrats Aldapa Xtrem martxak bere alderdi solidarioa berretsi dau berriro be. Aurten, 3.125 euro emongo deutsoz Aspanovas alkarteari, Gurutzetako ospitalean minbizia daben umeen familiei egonaldia errazteko eta euren egunerokoa erosoagoa egiteko. Antolatzaileen ustez, hau da ekimen honen helbururik garrantzitsuena: kirolaren bitartez gizarteari laguntzea.