Bermeoko San Pedro zozketak 2.253 euro batu dauz elizetako teilatuak konpontzeko

Bermeoko herriak beste behin be bere elkartasuna erakutsi dau San Pedro eguneko zozketa tradizionalan. Santa Eufemia parrokian meza ostean egindako ekimen honi esker, 2.253 euro batu dira orain arte. Diru kopuru hau “8.000 baietz” kanpainari amaierea emoteko erabiliko da, hain zuzen be, herriko bi parrokien teilatuak mantentzeko eta konpontzeko beharrizanak ordaintzeko.

Aipagarria da zozketaren laugarren saria Zeanurira heldu dela, Jose Floren Urutxurtuk irabazi dauelako Campos kontserbak eta Gaztelugatxeko eskapularioa daukazan saria. Halanda be, saridun gehienak Bermeon bertan geratu dira, Itxasne Legarreta, Anabel Uriarte, Silvia Pérez eta Leire Telletxea herritarren artean, besteak beste.

Antolakuntzak gogoratu dau sariak jasoteko epea 15 egunekoa dela. Txartel saridunen zenbaki guztiak bihartik aurrera egongo dira ikusgai elizetako atarietan eta gure atarian. Jakinarazi dabenez, bi zenbakitako saridunak ez badira agertzen epea amaitu ostean, irabazitako kontserba sortak Cáritas erakundeari emongo jakoz, premia handiena daben herritarren artean banatzeko.

  • 1. Saria (1175): Andekon bazkaria bi lagunentzat + Azken afariko kuadroa + Serrats konserbak.

  • 2. Saria (212): Artza frontoiko tabernan merienda + San Juan portaleko kuadroa + Cusumano konserbak (Itxasne Legarreta, Bermeo).

  • 3. Saria (813): Bermeoko tronpoia kuadroa + Etxebaster konserbak.

  • 4. Saria (367): Campos konserbak + Gaztelugatxeko eskapularioa (Jose Floren Urutxurtu, Zeanuri).

  • 5. Saria (1947): Royo konserbak (Anabel Uriarte, Bermeo).

  • 6. Saria (1664): Bermeo tuna capital multikonserbak (Silvia Pérez, Bermeo).

  • 7. Saria (1690): Karmelo Toja konserbak (Leire Telletxea, Bermeo).

Antolatzaileek bihotzez eskertu gura izan dabe euro baten truke txartelak erosi dabezan herritar guztien babesa, bai eta sariak musu-truk oparitu dituen enpresa eta kontserbera lokalen laguntza bikaina be. Gure ondarea zaintzea guztion artean lortzen daben indarra dela erakutsi dau Bermeok beste urte batez.