Bermeoko Udalak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Barne Plana onartu dau azken osoko bilkuran. Plana aho batez onartu da, EH Bildu, Guzan eta EAJren aldeko botoekin.
2026tik 2029ra bitartean indarrean egongo den plan honek udalaren barne-antolaketan berdintasuna, aukera-berdintasuna eta diskriminaziorik eza modu sistematikoan txertatzea dauka xede.
Horretarako, udaleko egoeraren diagnostiko zehatz batetik abiatuta, neurri multzo ordenatua jasotzen dau, lan-esparru guztietan eragin zuzena izango dauena.
Plana udaleko egoeraren diagnostiko sakon batetik abiatuta landu da, eta agerian uzten dau parekotasun estatistikoa ez dela nahikoa benetako berdintasuna bermatzeko. Horren aurrean, planak neurri zehatzak jasotzen dauz, besteak beste, lanpostuen segregazioari aurre egiteko, soldata-arrakalak identifikatu eta zuzentzeko, kontziliazio-neurriak indartzeko, jazarpen egoerak prebenitzeko eta lan-ingurune seguru eta errespetuzkoa bermatzeko.
Berdintasunerako Barne Planak zaintza-lanen balioa eta horiek historikoki emakumeen gain jarri izanak sortu dabezan ondorioak ere kontuan hartzen dauz. Horregatik, pertsonen kudeaketan genero-ikuspegia txertatzea ez ezik, lanaren antolaketa, denboren kudeaketa eta arduren banaketa bidezkoagoa sustatzea dauka helburu, administrazioaren barruan eredu eraldatzaile bat eraikitzeko.
Udalaren arabera, planak onura zuzena dakar bai langileentzat bai erakundearentzat: lan-giro osasungarriagoa eta bidezkoagoa sortzen dau, erabakiak hartzeko modua hobetzen dau eta administrazio publiko gisa erantzukizun politikoa eta soziala indartzen dauz Era berean, genero-ikuspegia barneratzeak herritarrei eskaintzen jakezan zerbitzuak ere hobetzen dauz, arreta bidezkoagoa, sentikorragoa eta inklusiboagoa bermatuz.
Endika Etxebarria Telleria Langileriako zinegotziak nabarmendu dau planaren onarpena udalaren konpromiso feministaren adierazle argia dela: “Berdintasunerako Barne Plan hau aho batez onartu izana adostasun politiko zabalaren isla da, baina batez ere konpromiso partekatu baten seinale: berdintasuna eta justizia soziala administrazioaren eguneroko jardunaren erdigunean jartzekoa. Ikuspegi feministatik lan egiteak aukera ematen dausku lan-ingurune bidezkoagoa eraikitzeko eta, aldi berean, herritarrei eskaintzen dautseguzen zerbitzuak hobetzeko”.
Plana langileen ordezkariekin elkarlanean adostu da, eta haren garapena bermatzeko jarraipen- eta ebaluazio-mekanismo zehatzak aurreikusi dira. Helburua da Berdintasunerako Barne Plana tresna bizia eta eraldatzailea izatea, erakundearen eguneroko praktikan eragina izango dauena eta etorkizuneko erronkei erantzuteko balioko dauena.





