Bermeoko Udalak Madalen Egunean Izarora joateko plazak zozkatuko dauz herritarren artean

Madalen Eguna Bermeoko egutegiko egunik berezienetako bat da, eta aurten be herritarrek aukera izango dabe egun horretako une hunkigarrienak Izarotik bertatik bertara bizitzeko. Bermeoko Udalak hainbat plaza zozkatuko dauz herrikideen artean, udalbatzagaz batera uhartera joan eta Madalen Eguneko protokolo tradizionala zuzenean ezagutu ahal izateko.

Zozketan parte hartu gura daben bermeotarrek uztailaren 1etik 10era bitartean emon beharko dabe izena. Izena emoteko aukera bi egongo dira: Berhaz bulegoan bertan, astelehenetik barikura 08:00etatik 14:30era, edota Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Baldintzei dagokionez, beharrezkoa izango da 18 urtetik gorakoa izatea eta Bermeon erroldatuta egotea.
Izena norberak bakarrik zein bikoteka emon leike, eta azken kasu honetan, lagunaren izen-abizenak zehaztu beharko dira, gonbidapena pertsona horrentzat izango baita. Pertsona bakoitzak izen-emote bakarra egin ahal izango dau eta aurreko urteetan udalbatzagaz joan zirenek ezingo dabe aurten parte hartu.
Zozketa uztailaren 14an egingo da, eta sarituen zerrenda uztailaren 15ean argitaratuko da www.bermeo.eus webgunean.