Bermeon ‘Bizitasunez Bizitzen’ programako tailerrak indartu dira zahartze aktiboa sustatzeko

Bermeoko Udaleko Gizarte Ongizaterako Sailak beste urrats sendo bat eman dau aurten zahartze aktiboa, ongizatea eta bizi-kalitatea sustatzeko politiketan, Bizitasunez Bizitzen programaren baitan eskaintzen diren Gorputza Martxan, Burua Martxan eta psikoestimulazio tailerrak indartuta. Zerbitzu bakoitzean talde bat gehiago eskainiko da, azken urteotan nabarmen handitu den herritarren eskaerari erantzuteko. Otsailaren 2tik aurrera jarriko dira martxan programak.

Gizarte Ongizaterako zinegotzi Endika Etxebarria Telleriak azaldu dauenez, adinekoen ongizatea ez da udal politikaren atal hutsa, baizik eta konpromiso sozial eta instituzional sendo baten adierazpena: “Bermeoko Udalak argi dauka zahartze aktiboa ez dela etorkizuneko erronka bat, orainaldiko ardura bat baizik, eta horregatik indartu doguz zerbitzu honeek, herritarren eskaerari erantzun eta adinekoen ongizatea bermatzeko”. Ikuspegi horretatik, udal gobernuak zerbitzuak sendotzea erabaki dau, herritarren beharrei modu arduratsu, errealista eta iraunkorrean erantzuteko helburuarekin.

Taldeak handitu arren, programak hasieratik beteta hasiko dira; hala ere, herritarrei izena ematen jarraitzeko deia egin jake, urtean zehar bajak sortzen direlako eta itxarote-zerrenden bidez hutsune horiek betetzen direlako. Izena emon gura dabenek Gizarte Ongizaterako Sailean egin beharko dabe (Gizarte eta Kultura Etxeko 2. Solairuan; 94 617 91 60).

Bizitasunez Bizitzen programaren barruan eskaintzen diren zerbitzu hauek funtsezko tresnak dira zahartze-prozesua modu aktiboan, autonomoan eta duintasunez bizitzeko. Horrela, Burua Martxan programaren helburua galera kognitiboa prebenitzea da; Gorputza Martxan programak gaitasun fisikoa eta mugikortasuna zaintzea du xede; eta psikoestimulazio tailerrak, berriz, narriadura kognitiboaren eta dementziaren progresioa moteltzea bilatzen dau, pertsonen ahalmenak ahalik eta denbora luzeenean mantentzeko.

Zerbitzuen indartze honek inbertsio ekonomiko garrantzitsua ere badakar. Eusko Jaurlaritzatik jaso den 7.000 euroko dirulaguntzari esker eta udalaren ekarpenarekin, beharrezko baliabideak bermatu dira, zerbitzu hauek egonkortasunez eta kalitatez eskaintzen jarraitzeko. 24.000 eurorekin indartu da zerbitzua, kostu osoa 69.000 eurokoa izanik.

2004tik martxan

Gizarte Ongizaterako Saileko zuzendari Jose Ramon Alberdi Asteinzak gogorarazi dau Bermeok ibilbide luzea duela arlo honetan. Izan ere, programa honeek 2004an jarri ziren martxan, eta garai hartan aitzindariak izan ziren bai eskualdean, bai Bizkaia mailan. Harrezkero, ekimenen balioa berretsi dela azpimarratu du zuzendariak: “Urteek berretsi dabe programa horiek martxan jartzeko erabakia zuzena izan zela. Programen harrera beti izan da oso ona, eta arrakasta hori ez da kasualitatea: herritarren benetako beharrizanetatik sortutako zerbitzuak direlako. Sare publikoak estaltzen ez dabezan hutsuneak betetzen dabez, eta hori funtsezkoa da bai parte-hartzaileentzat, bai familientzat”. Horrez gain, azaldu dau, familiek bereziki eskertzen dabela, parte-hartzaileen artean hobekuntza fisiko, kognitibo eta emozionalak nabariak direlako.

Aurrerantzean, programen antolaketa honakoa izango da:
• Burua Martxan programak 36 pertsona hartuko dauz, hiru taldetan banatuta; parte-hartzaileek ezin dabe buruko gaixotasunik euki, eta astean bi saio egingo dabez.
• Gorputza Martxan programak 75 pertsona hartuko dauz, bost taldetan banatuta; ezin dabe gaixotasun fisiko larririk izan, eta astean ordu beteko bi saio egingo dira.
• Psikoestimulazio tailerrean, 36 pertsona ariko dira, hiru taldetan banatuta; narriadura kognitiboa edo dementzia fase arina daukeen pertsonei zuzenduta dago, eta astean ordu biko bi saio egingo dira. Programa honetan ez da zozketarik egiten, eta normalean gizarte-langileen deribazio bidez sartzen dira parte-hartzaileak.

1.500 herritar baino gehiago

2004tik gaur arte, hiru programa hauek kontuan hartuta, 1.500 herritar baino gehiagok parte hartu dute: 899 herritarrek Gorputza Martxan programan, 360k Burua Martxan programan, eta 264k psikoestimulazio tailerrean. Parte-hartzeari dagokionez, psikoestimulazio tailerrean emakumeen eta gizonen presentzia orekatua da; beste bi programetan, berriz, emakumeak dira gehiengo nagusia. Hala ere, azken urtean Gorputza Martxan programan bi gizonek parte hartu dabe, eta joera hori pixkanaka gorantz doala aurreikusten dabe.

Tailer hauez gain, gogorarazi dabe Bizitasunez Bizitzen programaren baitan, zaintzaileentzako laguntza psikologikoa ere eskaintzen dela. Zerbitzu horren bidez, antsietatea, depresioa, gainkarga emozionala edo neke psikikoa bezalako egoerei aurre egiteko tresnak eskaintzen dira, bai taldeko saioen bidez, bai banakako arretaren bidez, beharrezkoa denean.

Amaitzeko, Bermeoko udal ordezkariek berriro azpimarratu dabe, azken urteotan eskaera eskaintza baino handiagoa izan dela, eta horregatik egin dela zerbitzuak indartzeko ahalegin berezia, itxarote-zerrenda aurrera egiteko asmoz. Aurrera begira, eskariaren bilakaera aztertzen jarraituko dabela adierazi dabe, hausnarketarako tartea hartuz eta etorkizunean emon beharreko pausoak arduraz eta ikuspegi estrategikoz baloratuz, zerbitzua ahalik eta modurik onenean eskaintzen jarraitzeko helburuarekin.