Bermeon matrikulazioa eta guraso zein etorkinentzako euskara ikastaro berriak martxan dira

Ikasturte barriagaz batera, Bermeoko Udalak, Euskara Sailaren bidez, guraso zein etorkinentzako euskara eskolak antolatu dauz berriro ere, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiekin elkarlanean. Ekimen honen helburu nagusia familia bidezko transmisioa indartzea eta herrira kanpotik etorritako pertsonei integraziorako bideak erraztea da. Izena emoteko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik Berhaz bulegoan zein euskaltegietan bertan.

Aurten, gainera, berritasun nabarmen bat dakar kanpainak: Euskara Bonua. HABEren ekimen honi esker, A0 edo A1 hasiera mailako ikasleek 120 euro baino ez dabez ordainduko 4 ikasturte edo 720 ordu egiteko. Maila altuagoa daukienen kasuan ere, matrikulak prezio berbera izango dau A2 mailara arte. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak pozik agertu da eskaintza honegaz, eta herritar guztiak animatu dauz informazioa eskatzera eta euskarara hurbiltzeko urratsa emotera.

Gurasoentzako eskolak AEK euskaltegiak emongo dauz. Seme-alabekin ohiko harremanetan komunikatzeko trebetasunak landuko dabez, metodologia praktikoa erabiliz eta egunerokotasunari lotutako ariketak eginez. Astean birritan izando dira klaseak, bi ordu egun bakoitzean.

Etorkinentzako ikastaroaren ardura, ostera, Gotzon Garitaonaindia euskaltegiak dakar. Aisa metodologiaren bidez, oinarrizko komunikazio gaitasunak eta gure kultura ezagutzea da helburua, integrazioa errazteko. Astean lau orduko ikastaro honek 10 euroko prezioa dauka (gehi 17,50 € materialagatik), edo 120 euroko bonuaren bidez ere egin ahal da.

Eskaintza berezi honetaz gain, 2026-2027 ikasturterako matrikulazio kanpaina orokorra ere zabalik dago. Bermeon hiru zentro nagusi daugoz euskara ikasteko: Hizkuntza Eskola Ofiziala, AEK (aurten C2 maila eta guzti eskainiko duena) eta Gotzon Garitaonaindia. 16 urtetik gorako herritar guztientzat ordutegi zabala eta dirulaguntza ezberdinak dautza eskura.

Matrikulatzeko edo informazio gehiago jasotzeko, bisitatu Bermeoko Udalaren webgune ofiziala edo hurbildu Berhaz bulegora.