Bermeoko Turismo Bulegoak 10.601 bisitari erregistratu dauz uztailean eta abuztuan; Gaztelugatxe Zentro barriak eta garraio publikoaren zerbitzuak ere erantzun bikaina izan dabe udako hilabeteetan.
Bermeok udako turismo-jarduera biziari eutsi dautso aurten ere, baina datuek erakusten dabe bisitarien ohiturak eta profila aldatzen ari direla. Gero eta gehiago dira bidaiatu aurretik etxetik plana eginda dakartenak, eta herrian behin sartuta, zerbitzu pertsonalizatuagoak eta esperientzia sakonagoak eskatzen dabez.
Izan ere, uztailean eta abuztuan 10.601 pertsona igaro dira herriko Turismo Bulegotik (4.777 uztailean eta 5.824 abuztuan). Informazio orokorraz harago, bisitariek beren denborara zein mugikortasuna kontuan hartuta prestatutako gomendioak bilatzen dituzte orain.
Bisitaldia etxetik bertatik hasten da
Turismo Bulegoaren arretaz gain, udal webguneak (www.bizibermeo.eus) sekulako harrera izan dau udan: 7.500 bisitari erregistratu dauz ekainetik abuztura bitartean. Webgunea lehenengo kontaktua denez, edukia etengabe barritzea eta elikatzea ezinbesteko tresna bihurtu da.
Eskatutako informazioari jagokonez, Gaztelugatxeko San Juan da oraindik ere erakargarri nagusia, baina non jan, eskualdean zer ikusi eta garraio-aukerak ere kontsulta nagusienen artean dagoz. Jatorriari jagonokez, estatuko bisitari gehienak Madril eta Kataluniakoak dira, eta atzerrikoen artean Frantziakoak dira nagusi.
Gainera, Turismo Bulegoak joera interesgarri bat nabarmendu dau: bisitari batzuek denbora gutxian gauza asko ikusteko dauken nahiak estresa sortzen dautse. Horren aurrean, helburua Bermeo eta ingurunea presarik gabe ezagutzeko kultura sustatzea ere bada, herria bera ezagutzea esperientziaren zati garrantzitsu bat delako.
Gaztelugatxe Zentroaren lehenengo uda eta garraio publikoa
Ekainaren 23an ateak zabaldu ebazan Gaztelugatxe Zentro barriak lehenengo uda borobila osatu dau: 3.715 bisitari hartu dauz (1.565 uztailean eta 2.150 abuztuan). Zentroak sarrera-ate moduan funtzionatzen dau eta Monumentu Naturala bisitatzeko sarrerak banatzeaz gain, informazio gune erreferente bihurtu da.
Beste alde batetik, turismo arduratsuago baten aldeko apustua eginez, San Juanera joateko autobus eta gidari zerbitzuak 2.655 erabiltzaile izan dauz. Uztailean hasiera motela izan bazen ere, abuztuan 1.801 lagunek erabili dabe. Zerbitzu honek goizetako beroari aurre egiteko aukera erosoa zein jasangarria eskaintzen dau.
Azkenik, autokarabanen guneak erabilera altua erakutsi dau berriro ere, ia %100eko okupazinoagaz uztaila eta abuztuan (566 eta 589 erabiltzaile hurrenez hurren)



