Gaur, Gernikako Batzar Etxea beste behin be –eta hamar edizino doaz– Bizkaiko Emakume Hautetsien Batzar Berezi barri baten agertokia izan da. Batzar horretan, sentsibilidade politiko guztietako emakumeek egin dabe bat, M8rako egun bi falta diranean, gizarte bardinzaleagoa eskatzeko. Ekitaldiak, Bizkaiko Batzar Nagusiek sinatu daben EUDELen Erakunde Adierazpena irakurteko balio izan dau barriro, eta, aldi berean, arlo batzuetan nabarmendu diran emakumeen eta erakundeen lana aintzatetsi da. Aurton, Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluak jaso dau aintzatespena.
Aintzatespen ekitaldiak beste batzuetan izandako liturgia bera izan dau. Jai giroan, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) eta Emakunderen laguntzeagaz, antolatutako Batzarra Beti Jai Alai taldearen emonaldiagaz hasi da. Dantzariek, jantzi tradizionalak jantzita, “Lekeitioko eguzki dantza” aurreskua dantzatu dabe.
Horren ostean, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Batzar Nagusietako Mahaiko kideak, Esther Apraiz Fernández la Peña EUDELeko presidentea, Miren Elgarresta Larrabide Emakundeko zuzendaria eta Keila Vizarraga Motos Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluko presidentea hemiziklora sartu dira, askatasunaren eta bardintasunaren sinbolo diran oroitzapenezko zapiakaz. Adarraren soinuak –Batzar Nagusietarako antxinako deia– Gernikako Batzar Etxeko batzar aretoan jesarteko eta ezohiko saioari ekiteko dei lez balio izan dau.
Bizkaiko herritarrek hautatutako emakumez betetako hemizikloan (gizonak konbidauen lekuan egon dira gaur), Foru parlamentuko Lehendakaria hemiziklora zuzendu da, ezohiko batzarra hasitzat emoteko. Ana Otadui Biterik azpimarratu dauenez, “hamar urte daroaguz sareak ehuntzen, esperientziak partekatzen, lidergoak indartzen eta ardura publikoak hartzen doguzan emakumeak ahalduntzen. Eta, ganera, Foru Barriaren 500. urteurrena ospatzen dogun urtean egiten dogu. Gure historia instituzionalaren parte da, eta gaur be etorkizuna zelan eregi gura dogun hausnartzera konbidatzen gaitu: etorkizun bidezkoagoa, bardintasunezkoagoa eta demokratikoagoa.”





