Bueltan dator barriro Berbalagun Bermeora

Euskara ikasi bakarrik ez, erabiltzeko eta lagunartean gozatzeko sasoia bueltan da Bermeon. Eraman euskara praktikara leloagaz dator aurten Berbalagun egitasmoa, herritarrei egunerokotasunean hitz egiteko eta erraztasuna hartzeko aukera paregabea eskainiz.

Bermeoko Udaleko Euskara Sailak, herriko euskaltegiekin eta Hizkuntza Eskola Ofizialarekin batera, martxan jarri dau berriro ere ekimena. Iker Bilbao San Nicolas Euskara zinegotziak azpimarratu dauenez, ikasgelatik kanpo euskara bizia eta adierazkorra lantzeko gunea da hau. Bestalde, Marimar Hernandez dinamizatzaileak gogoratu dau ez dagoela “ez zahar ez berri, ez hango ez hemengo”; helburu bakarra euskaraz gustura eta lasai aritzea dela.

Asteroko taldeak eta ekintza bereziak

Dagoeneko martxan daude asteroko saioak, astean behin ordubetez Lameran elkartzen direnak:

  • Martitzenetan: 12:30etik 13:30era eta 18:30etik 19:30era.

  • Barikuetan: 17:00etatik 18:00etara.

Horrez gain, zaletasunen araberako taldeak ere osatuko dira:

  • Mendi irteerak: Lehenengo irteera azaroaren 7an egingo da. Goizeko 09:30ean Taraskan batuta, Bermeo-San Kristobal-Bermeo ibilbidea (15 km inguru) egingo dute.

  • Dantza errazak: Azaroan zehar jarriko da martxan.

  • Gurasolagun eta Lehiaketak: Familientzako irteerak (adibidez Amurrioko Tertanga etxera urria eta azaroa bitartean) eta azaroan, otsailean zein maiatza-ekainean egingo diren sari bidezko lehiaketak ere ez dira falta.

Parte-hartzea guztiz doakoa da eta izena emoten dabenek hainbat deskontu eta sari eskuratu ahal izango dabez. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak herritar guztiak gonbidatu dauz parte hartzera, “euskaraz berba egiteko gogoa baino ez baita behar”.