Busturialdea-Urdaibai Ekonomia Urdinaren barruan daukan balio-kateagatik nabarmentzen da

Bizkaiko Foru Aldundiak “Azterlana-diagnostikoa. Bizkaiak Ekonomia Urdinaren eremuan duen posizionamendua” azterlana aurkeztu dau Bermeoko Behargintza partadeitzarekin. Azterlanak jasotzen dau makrosektore honek 966 milioi euroko Balio Erantsi Gordina adierazten dauela (Bizkaiko BEGd osoaren % 2,5), eta lanaldi osoko baliokidetzan 17.400 pertsonari ematen dautsiela lana (enplegu osoaren % 3,3). Zifra hauek Estatukoak eta Europakoak baino pisu erlatibo handiagoa erakusten dabe, eta agerian uzten dute itsasoari lotutako jarduerek Bizkaiko eredu ekonomikoan duten garrantzi estrategikoa.

Cristina Múgicak, Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasuneko eta Kanpo Sustapenerako zuzendariak, txostena aurkeztu eutsien gaur Bizkaia Orekan Sakonduz sarean sartuta dauden kostaldeko eskualde-garapeneko agentzietako —Lea Artibai Fundazioa, Bermeoko Behargintza eta Getxolan— arduradunei eta teknikariei, baita Beaz enpresa lehiakortasunerako foru agentziaren ordezkariei ere. Topaketaren helburua parte hartzen daben erakundeen arteko lankidetza-konpromisorantz aurrera egitea izan da, Bizkaian ekonomia urdineko hub bat artikulatu eta bultzatzeko.

Azterlanak Bizkaiko 209 enpresa identifikatzen dauz, % 100eko jarduera ekonomia urdinarekin lotuta dutenak. Horietatik 28 enpresa bultzatzailetzat jotzen dira, inbertitzeko, nazioartekotzeko eta I+Grako gaitasun handia dutelako. Enpresa-sare hau azpiegitura estrategikoetan oinarritzen da, hala nola Bilboko, Bermeoko eta Ondarroako portuetan, itsaso zabaleko saiakuntza-plataformetan, zentro teknologikoetan eta unibertsitateetan, sektoreko klusterretan eta eskualdeko garapen-agentzietan. Balio erantsi handiko proiektuak garatzea eta enplegu kualifikatuak sortzea ahalbidetzen dauen ekosistema osoa.

Kostaldeko turismoa nagusi den beste lurralde batzuetan ez bezala, Bizkaian sektorearen % 11 baino ez da; horrek esan nahi du sektorearen oinarri nagusiak itsas-garraioa (% 44), portuetako jarduerak (% 18), itsas-baliabide biziak (% 10), itsasoko energia berriztagarriak (% 11) eta ontzigintza eta konponketak (% 8) direla. Egitura honek lurraldearen izaera industriala, logistikoa eta teknologikoa indartzen du, eta ETEen eta zerbitzu aurreratuen gaineko trakzio-ahalmena duten balio-kateak finkatzen dauz.

Bizkaiak 150 kilometroko kostaldea du, eskualde-aniztasun handikoa, Ekonomia Urdinaren barruan profil desberdinak eragiten dauzena. Hala, Busturialdea-Urdaibai eta Lea-Artibai itsas-baliabide bizietan espezializatzeagatik eta lotutako balio-kateagatik nabarmentzen dira, erreferentziazko enpresekin, zentro teknologikoekin eta hazteko gaitasunarekin.

Horrela, diagnostikoaren txostenak jasotzen dauen moduan termino absolutuetan, hiriburutza, kostaldeko turismoaren pisua, kluster nagusien presentzia eta “portu efektua” direla eta, Bilbo da
Ekonomia Urdineko BEGari dagokionez pisu handiena duen lurralde-eremua (278,8m €) eta ondoren, Busturialdea dago (136,1 M €). Eta termino erlatibotan, Busturialdea da berriro posizionamendu altuena duen eskualdea, oraingoan Lea-Artibairekin batera.

Beraz, ondorio bezala azaldu eben Busturialdea (% 11,7) eta Lea-Artibai (% 9,5) eskualdeak nabarmentzen dirala EUren tokiko ekonomian duen garrantzi erlatibo handiagatik, arrantza-sektorearen, kontserba-industrien eta Bermeoko eta Ondarroako portu-azpiegituren ezarpen handiak eraginda.

TXOSTENA