Busturialdeko eta Lea Ibarra-Lekeitioaldeko odola emoteko alkarteak eta Osakidetzak egun handia bizi izan eben Gernika-Lumon barikuan. Eskualde bietako 16 udalerritako 108 emoile handi deitu eta omendu ebezan Elai Alai areto nagusian egindako ekitaldi sentibera eta bero batean.
Andrazkoen kasuan 40 emote baino gehiago eta gizonezkoetan 50 baino gehiago egindako pertsonei esaten jake “emoile handia”. Kopuru horretara heltzeko gitxienez 13 urte etenbako bidea egin behar da. Guztira, omendutako 108 herritarren artean 6.079 emote egin dabez gaur arte. Horrek esan gura dau 2.735 litro odol baino gehiago batu dabezela beste hainbat pertsonaren bizitza salbatzeko.
Herriz herri begiratuta, emoile kopuru handiena Gernika-Lumokoa (49) eta Bermeokoa (20) da, baina baita Lekeitio (16), Ispaster (3), Ea (3), Busturia (3), Aulesti (2) eta inguruko beste hainbat herritako bizilagunak be egon ziren. Argazki nagusia Foru plazako mailetan egin ostean, Elai Alai aretoan elkartu ziran. Bertan egon zen Laura Biritxinaga Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko zuzendari medikoa eta 12 udalerritako ordezkariak. Biritxinagak gogora ekarri eban gaur-gaurkoz odola ezin dela fabrikatu eta herritarren eskuzabaltasuna ordezkaezina dela. Ekitaldia amaitutakoan, diplomekin eta giltzatako bereziekin, kopautxu bat egin eben alkarregaz esperientziak partekatzeko. Gainera, plaza inguruan egon zen autobusean beste 26 emote batu ziran arratsaldean zehar.
Biderik garrantzitsuena, hala be, aurrera doa eta Odolkideak alkarteak herritarrak deitzen ditu datozen egunetan be odola emotera hurbiltzeko:
-
Urriak 28 eta 31: Bermeo
-
Urriak 30: Mundaka eta Ondarroa
-
Zemendiaren 2 eta 9: Gernika-Lumo



