“Boga, boga Nilotik” Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak martxan jarritako programa da, eta honen bidez eskualdeko haurrak ibai handiaren ertzeko herrialdeetara hurbilduko dira.
Afrikako hibairik luzeenak kontinente horretako 11 herrialde zeharkatzen ditu eta aintzinako egiptoar zibilizazioa sortu zuen. “Nilotik nabegatzen” kulturarteko sentsibilizazio-programaren bidez ertzeko herri horien aberastasun kulturala eta ekologikoa ezagutuko dabez, baita biztanleek aurre egin behar dautsien erronkak.
Horrela, eskualdeko ludoteketan Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzako Etorkin Harrera eta Integrazioko Zuzendaritzak diruz lagundutako proiektu hau 6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Haurrek beste kulturekiko interesa eta errespetua garatzea eta aukera hobeen bila emigratzera bultzatzen diren pertsonekiko enpatia garatzea da helburu.
Esperimentu bat egingo da ur-goraldiak ulertzeko, kuskusa prestatuko da, Niloren ibilbidean gymkhana bateko probak gainditu dabez, kazetariak izango dira kalez kale galdezka, ibaiertzeko hiri erraldoiak diseinatuko dabez berriro ibaiaren maketa eginez, eta Nilo inguruko erritmoekin dantzatuko dira.
Printzipioz, udalerri bakoitzean hiru orduko bost saio egingo dira, baina saioak, datak eta ordutegiak herri bakoitzaren antolaketaren arabera moldatuko dira.
Lehen saioak Arratzun, Ibarrangelun eta Nabarnizen hasiko dira Aste Santuan, gero, urtean zehar, beste herri batzuetara zabalduz. Izen-ematea udalerri bakoitzean egin beharko da.
Kultur-aniztasuna, dagoeneko, eguneroko errealitatea da gure eskualdeko herri guztietan, izan ere, 78 herrialdeetan jaiotako auzokidek osatzen dabe bertako biztanleriaren %11,7 eta Gernika-Lumon %15,1. Egoera honen aurrean eta bizikidetza sustatzeko asmoarekin, 2009tik Busturialdeko udaleku eta ludoteken bitartez garatzen da kultur arteko sentsibilizaziorako programa hau umeei zuzendutakoa.





