Bizkaiko Foru Aldundiak Kirolur erronka jarri dau martxan, lurraldeko udalerrien arteko kirol-liga. Erronka hau teknologian oinarritutako dinamika parte-hartzaile eta kolektibo baten bidez herritarren jarduera fisikoa sustatzeko aukera gisa sortzen da.
Ekimena urtarrilean aurkeztu jaken udalerriei, Bizkaiko udal kiroleko udal arduradunen bigarren topaketan. Dagoeneko 39 udalerrik eman dabe izena Kirolaren Europako Lurraldea izatearen eta antolatutako ekintza berezien barruan kokatzen den kirol-erronka honetan parte hartzeko. Bertan, Busturialdeko Bermeo, Errigoiti eta Mundaka egongo dira.
Udalerri bakoitzak talde bat osatzen dau, inskribatutako pertsonek egindako kilometro aktiboen erregistroan oinarritutako liga batean lehiatuz, jarduera fisikoaren jarraipena egiteko hainbat gailu eta plataformarekin bateragarria den aplikazio mugikor baten bidez. Sailkapen-sistemak, gainera, haztapena aplikatzen du biztanleriaren arabera, tamaina desberdineko udalerrien arteko lehiaketa orekatua bermatuz.
Zenbatutako jarduerak desplazamendu aktiboa eskatzen dabenak eta GPS bidez neurtu ahal direnak izango dira, hala nola oinez ibiltzea, korrika egitea edo bizikletaz mugitzea. Erregistratutako kilometro bakoitza puntu bihurtzen da, egindako jarduera motaren araberako balorazio doituarekin.
Erronkaren egutegia hiru alditan egituratzen da urtean zehar: udaberria (apirilaren 15etik maiatzaren 17ra); uda (ekainaren 15etik uztailaren 15era), eta udazkena (irailaren 23tik urriaren 23ra).
Udalerriak inskribatu ondoren parte-hartzaileak izango dira inskribatu eta app-a Wellk deskargatu beharko dabenak, horreen kilometro aktiboak kontabilizatu eta udalerrirako puntuak batu ahal izateko.





