Busturiko Udalak, auzo guztietako bide-segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko helburu sendoagaz, San Kristobaleko urigintza-birmoldaketa amaitu dau. Hobekuntzen artean, espaloiak handitu dira eta errepidearen alde bietako aparkalekuak kendu dira, argiak eguneratu dira eta altzariak eta landaredia konbinau dira, auzoa oinezkoentzat egiteko eta “gizatiartzeko”.
“Auzoa gizatiartu egin dogu urigintzearen ikuspegitik, eta uste dogu horrek bizi-kalidade handiagoa ekarriko deutsela San Kristobaleko bizilagunei. San Kristobal urbanizetako 185.880 €-ko inbersinoa egin behar izan da, eta horreetatik 145.681€ Eusko Jaurlaritzatik eta Bizkaiko Foru Aldunditik lortu doguzan dirulaguntzekin finantzau dira. Kudeaketa horregaz, aurrezpen bat lortu dogu, eta, 2026an dirulaguntza barriak izapidetzeagaz batera, Sakonetako espaloiko obrei ekin ahal izango deutsegu. Holan, irisgarritasuna eta bide-segurtasuna hobetuko doguz udalerriko funtsezko eremu batean”, azaldu dau Aitor Aretxaga Busturiko alkateak.
San Kristobalen egindako jarduketek auzoaren eraldaketa integrala ekarri dabe, batez be erdiko ardatzean, errepide orokorrak zeharkatuta, auzotarren segurtasuna, irisgarritasuna eta bizi-kalidadea hobetzeko helburuagaz.
Aldaketa nagusietako bat izan da errepidearen bi aldeetan baterian aparkatzeko egon diren plazak kentzea, aparkatzeko maniobrei lotutako arriskuak murriztuz, eta ikuspena hobetuz, bai gidarientzat, bai oinezkoentzat. Jarduera honek ingurune seguruagoa eta ordenauagoa sortzen laguntzen dau.
Era berean, espaloiak handitu egin dira, oinezkoentzako lekua irabaziz eta mobikortasun-eredu jasangarriago eta irisgarriagoa bultzatuz. Neurri barriek erosoago ibilteko aukera emoten dabe, haurrentzako orgatxoak edo gurpil-aulkiak pasetea errazten dabe eta ingurua oinezkoentzat izatea indartzen dabe, familien bizitzarako bereziki garrantzitsua baita.
Lanen barruan, hondatuta egozan bide-zatietan zorua hobetzea eta zabaldutako eremuetan zoladura barritzea eta bateratzea be sartu dira. Holan, uri-irudi zainduagoa, koherenteagoa eta modernoagoa eskaintzen da. Oro har, jarduera horreek espazio publikoa modernizatzeaz gan, ingurune seguruago, irisgarriago eta atseginago baten alde egiten dabe, herritar guztien ondoizaterako eta auzo biziago eta funtzinonalago bat finkatzeko pentsauta.
Zerbitzuen ikuspegitik, egoera txarrean egozan lurpeko linea elektrikoaren kanalizazinoak eta kableak barritu doguz, eta urigintza-diseinuagaz bat datozen argiak instalau doguz, eraginkortasun energetikoko erispidakaz. Horregaz, argiteria publikoa modu integralean modernizau eta hobetu dogu.
Kale paisajismo barria are gehiago gizatiartzeko, atsedenleku eta alkargune txikerrak sortu dira, jarlekuak eta lorategietako landaredia konbinaduz. Horreek osotzen joango dira espezie bakotxaren landaketa-egutegiaren arabera. Orain arte, zugaska sorta zabala sartu da, eta udabarriaren etorreragaz batera, hainbat espezietako erraboilak landatuko dira. Horri esker, urtean zehar hainbat loraldiz gozatzeko aukera izango dira.
Holan, indartu egiten da San Kristobaleko izaera atsegina eta abegikorra, herritarren gozamenerako eta ondoizaterako pentsautako espazioak sortuz.





