Busturiko jaietako kartel lehiaketa abian da 2026ko jaiak iragartzeko

Busturiko Jai Batzordeak martxan ipini dau 2026ko jaiak iragartzeko kartel lehiaketa, herriko jaiak kolorez eta sormenez jantzi gura dabezan artistei zuzenduta. Parte hartu gura dabenek aukera ederra daukie euren talentua erakusteko, irabazleak 400 euroko saria irabaziko dau eta.

Lehiaketa honetan parte hartzaile bakoitzak gehienez be bi lan aurkeztu ahal izango dauz, eta teknika zein gaia libreak izango badira be, kartelak DIN A2 formatuan aurkeztu beharko dira eta derrigorrezko testu honegaz: “Busturiko jaiak 2026”. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 8ko arratsaldeko 20:00etan amaituko da, eta dokumentu horiek Altamirako Kultura Etxean (Altamira auzoa, 40) entregatu behar dira, goizez 9:00etatik 11:30era edo arratsaldez 16:00etatik 20:00etara bitartean.

Identifikazinoari dagokionez, garrantzitsua da gogoratzea lanak anonimotasun osoz aurkeztu behar dirala; hau da, kartelean ez da sinadurarik egon behar, lema bat baino ez. Horregaz batera, kartazal itxi baten egilearen datu pertsonalak, curriculum labur bat, telefonoa eta NANa sartu behar dira, kanpoaldean lema bera idatzita. Epaimahaiak arreta handia ipiniko dau lanen originaltasunean, eta berehala kanporatuko dauz plagioak, imitazinoak edo pertsonen duintasunaren kontrako elementuak daukiezan kartelak. Behin irabazlea aukeratuta, kartel horren jabetza eta ustiapen eskubide guztiak Busturiko Udalaren esku geratuko dira.

Gainera, Udalak eta Jai Batzordeak aukera izango dabe aurkeztutako lanen artean hautaketa bat egin eta erakusketa publiko bat antolatzeko, batez be sei kartel finalisten artean, 2026ko uztailaren 31ra arte. Saria irabazi ez daben artistek euren lanak jasotzeko aukera izango dabe Kultur Etxean uztailaren 31ra arte, goizeko 9:00etatik 14:00etara bitartean; data hori igarota, Udalak bere gain hartuko dau lan horien jabetza osoa.

Zalantzaren bat daukatenek 94 617 10 04 telefono zenbakira deitu ahal dabe argibide gehiago jasotzeko, jakinda lehiaketan parte hartzeak oinarri guzti-guztiak onartzea dakarrela berez.