Busturiko Udalak Atxurkulu herriko emakume alkartea Zirgari Sariak 2026 sarietarako hautagai izatea proposatu eban, eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k sari hori emon izanagaz poztu da. Errekonozimendu honek, Busturiko emakumeen partaidetza sozialaren defentsa aktiboan, konpromiso komunitarioan eta etenbako lanean oinarritutako eta urteetan eraikitako ibilbide sendoa balioan jartzen dau.
Busturiko Udalak, Busturiko Atxurkulu emakume alkartea, mende lauren baino gehiagoan zehar, udalerrian egiten ari dan lana ikusaraztearen eta balioestearen garrantziaz konbenziduta, ZIRGARI 2026 sarietarako bere hautagaitza aurkeztu eban.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k emondako sariak Atxurkulu emakumeen alkarteak emakumeen ahalduntzean, aukera bardintasunaren sustapenean eta udalerriko emakume guztientzako espazio seguru eta parte-hartzaileen sorreran egindako lanaren garrantzia azpimarratzen dau.
Aitor Aretxaga Busturiako alkateak azpimarratu dauenez, “Merezi eban Atxurkuluren ibilbide sendoa nabarmentzea, urteetan zehar etenbako lanean, konpromiso komunitarioan eta Busturiko emakumeen parte-hartze sozialaren defentsa aktiboan oinarritua, eta horretarako Zirgari sariak aukera egokia zirala uste dogu. Errekonozimendu honek, alkarte eredugarri baten ahalegina nabarmentzeaz gan, gure komunidadeak bardintasun erreal eta eraginkorragaz dauen konpromiso kolektiboa indartzen dau. 25 urte baino gehiagoko ibilbideagaz eta alkartearen barruko 32 emakumeekaz, bere lanak, Udalagaz eta tokiko beste eragile batzuekaz lankidetza estuan, modu erabagigarrian lagundu dau herriko dinamizazino soziokulturalean, eta Busturiko bizitza sozialean emakumeen presentzia aktiboa eta agirikoa bermatu dau”
Atxurkuluren ekarpen nabarmenen artean, Busturiko kultur eta jai antolaketa eta dinamizazinoa dagoz, halan zelan tanborrada, inauteriak, Kantu Kantari, Santa Ageda, Erregeen Kabalgata, eta Arrotegi egoitzan ekintza solidario eta boluntario asko. Gainera, Atxurkuluk sustetan dauzan euskerazko irakurketa tailerrak topagune, alkarri laguntzeko eta parte hartzeko gune gisa finkatu dira, eta Busturian emakumeen kultura eta gizarte autonomia indartzen dabe.
25 urte baino gehiagoko ibilbidea
Atxurkulu Emakumeen Alkartea larogeta hamarreko hamarkadaren amaieran sortu zan, herriko emakume-talde batek topaketarako espazio propioa izateko zuen beharretik abiauta. Hasieran, Atxurkuluk oinarrizko prestakuntza-jarduerak bultzatu ebazan, halan zelan informatikako ikastaroak, emakumeek trebakuntzarako eta eskura dabezan baliabideetarako sarbidea hobetzeko. Halan be, denporaren poderioz, alkarteak bilakaera izan dau, eta gizarte-aldaketetara egokitu da, Busturian emakumeen alkarteen erreferente bihurtu arte.
Gaur egun, 32 emakumek osotzen dabe alkartea eta bere erronketako bat emakume gazteen parte-hartzea mantenidutea eta indartzea da, belaunaldien arteko erreleboa eta alkartearen jarraipena bermatuz.
Bere 25 urteetan, Atxurkuluk emakumeen eta gizonen arteko bardintasunari lagundu deutso, emakumeen parte-hartze sozialaren sustapen aktiboaren bidez.
Udalak gogorarazo dau tokiko alkarteekiko lankidetza funtsezko pieza dala politika publiko eraldatzaileak bultzatzeko. Ildo horretan, berretsi egiten da Atxurkulu Emakumeen Alkarteari eta parte-hartze soziala, kohesino komunitarioa eta emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna indartzen laguntzen daben ekimen guztiei emoten jaken babesa instituzinonala.
Udalak barriz be zoriondu dau alkartea merezitako errekonozimenduagaitik eta eskerrak emon deutsaz bere dedikazinoagatik, jarraikortasunagatik eta aldaketa positiboak sortzeko erakutsi dauen gaitasunagaitik.





