Dana prest Gautegiz Arteagako San Polikarpo jaia ospatzeko

Urtarrilaren 26an, Gautegiz Arteagak San Polikarpo, herriko zaindariaren jaia ospatuko dau. Jai egun honi lotuta, urtarrilaren 24an, zapatua, hasiko diran kultura, musika, kirol eta gastronomia jarduera ugari antolatu dira. Aurten ospakizunak hiru egun iraungo dabez .

San Polikarpo eguna zapatuan, hilak 24, hasiko da, azokagaz eta dantza emonaldiagaz. Artie Dantza Taldeko dantzariek eta Asturiasko dantza talde tradizionala dan La Xurbial talde konbidauak, eskeiniko dabe dantza emonaldia (12:30). Ekitaldi horreek Herriko Plazan egingo dira, eta Artie Dantza Taldeak antolatzen dauz, udalagaz lankidetzan. Azokara hurbiltzen diranek, 11:00etatik 15:00etara, bitxiak, gastronomia, kontserbak, baserritar jantziak, artilezko erropak edo diskoak aurkituko dabez, besteak beste, eta artisautza erakustaldiez gozau ahal izango dabe.

Arratsaldean, musika izango da protagonista. Lehenik, Etxeberria aita semeak arituko dira Herriko Plazan 17:00etatik 20:00etara, eta, ondoren, Xaibor, 20:00etan, txikerrenen gozamenerako.
Urtarrilaren 25ean, domeka, jai eguna, 11:00etan hasiko da San Polikarpoko Herri Lasterketagaz. Topalekua Gazteluzar txokoa izango da eta lasterketa adinaren arabera burutuko da, lehenik txikerrenak, adin tarte ezbardinetan eta adinera egokitutako ibilbideekaz, eta ondoren helduen lasterketa, herrian zehar 5,5 km-ko ibilbideagaz. Izena emoteko, doan, e-mail bat bialdu daiteke kulturetxea@gautegizarteaga.eus helbidera, Kultur Etxean bertan edo lasterketa egunean bertan Gazteluzar Txokoan be egin daiteke. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Arteagako Antolarra pilota klubak antolatutako III. Pala txapelketa jokatuko da. Pala goma eta pala motzeko modalidadeko finalak jokatuko dira, senior mailakoak biak.

San Polikarpo egunean, urtarrilaren 26an, astelehena, eguna Meza Nagusiagaz hasiko da Andra Mari Eleizan. Ondoren, bertaratzen direnek Artie Dantza Taldearen dantzekin gozauko dabe, eta ondoren hamaiketako herrikoia eskainiko da Eleizpean. 14:00etatik aurrera Etxeberria aita semeak bikotearen musikak alaituko dau eguna.

Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, doako pilota jaialdia izango da frontoian. Lehen norgehiagoka, Lea Ibarra Motrollo Pelota Alkarteak antolatua, haur mailako binakako partida izango da, eta ondoren, Binakako B Serieko Txapelketako partida bat jokatuko dabe Zubizarreta III .ak eta Arangurenek Rekalde eta Bikuñaren aurka.