Gaztemundu eta Ateak Ireki programei esker, Busturialdean egongo diren Argentina, Uruguai eta Australiako 28 gazte euskal-ondorengo izan dira Gernikako Batzar Etxean. Bisita hunkigarria baten bidez, euskal herriaren historia, askatasuna eta euren sustraiak gertutik ezagutzeko aukera izan dabe.
Momenturik bereziena, dudarik barik, Gernikako Arbolaren azpian taldeko argazkia atara dabenean bizi izan da. Ozeanoak zeharkatzen dabezan lotura kultural eta emozionala irudikatu dabe bertan.
Etxeko berotasuna: Gazteak ez dira hotel baten egongo; gure artean integratuko dira. Uztailaren 19ra arte, Busturialdea-Urdaibai eta Gipuzkoako Goierri eskualdeetako harrera-familiekin biziko dira, euskara ingurune erreal baten praktikatzeko.
Aurtengo berrikuntza nagusia Eusko Jaurlaritzaren ‘Gaztemundu’ egitasmoaren eta Batzen Kultur Elkartearen ‘Ateak Ireki’ ekimenaren arteko indar-batzea izan da. Guztira, berrogeita hamar gazte inguru etorri dira mundu osotik (AEB, Kanada eta Australia barne), eta gure herrietako eguneroko bizitzan murgilduko dira.
Ekimen honen helburua ez da turismo hutsa. Antolatzaileek argi itzi dabenez, helburu nagusia diasporako belaunaldi barriekiko loturak sendotzea da. Gazte honeek euren herrialdeetara itzultzean, euskal kulturaren enbaxadore bihurtuko dira, kanpoko Euskal Etxeetan lidergo barriak sortuz. Hurrengo egunetan, gure herrietako ohiturak ezagutzeaz gain, euskal dantza tailerretan eta eskualdeko ekintzetan parte hartuko dabe.



