Foruko EAJ-PNVren Uri Batzarrak aho batez berritu dau Mikel Magunazelaia Pinaga egungo Alkatearen aldeko konfiantza, 2027ko udal hauteskundeei begira. Magunazelaiak laugarren hauteskunde hitzorduari egingo dautso aurre, esperientzia, finkatutako lan-taldea eta belaunaldi barrien babesa uztartuz.
Hautagai jeltzaleak “ilusioz, arduraz eta Foruaren alde lanean jarraitzeko gogoz” hartu dau izendapena. Azpimarratu dauenez, alderdikideen babes hau elkarrekin egindako lanaren aitorpena da, bai eta herria aurrera eramaten jarraitzeko konpromiso sendoa be.
Promesak beteta eta kudeaketa sendoa
Magunazelaiak azken urteetako kudeaketei jarritako balioa nabarmendu dau: “Esan eta egin. Gaur egun, hauteskunde-programaren % 90 baino gehiago beteta dauogula egiaztatu ahal da”. Betetako proiektuen artean dagoz udal-taberna martxan jartzea, hirigintza-plangintzak aurrera eramatea, mediku-kontsultategi barria irekitzea eta Joan Mari Torrealdai Kultur Etxea berritzea.
Horrez gain, jasangarritasun energetikoa eta gardentasun ekonomikoa izan dira agintaldiaren zutabe nagusiak:
-
Efizientzia energetikoa: LED teknologia bidezko argiteria publikoa berritu da eta Kultur Etxearen birgaitze energetikoa Europako SPHEERE proiektu pilotu bihurtu da.
-
Kudeaketa ekonomiko zorroztasuna: Bizilagunei zergak igo gabe, Udalak inbertsioak egiteko ahalmena handitzea lortu dau.
Gaztetasuna eta esperientzia herriaren zerbitzura
Mikel Magunazelaia foruarra da, 30 urte daukaz, Irakaslea eta Historialaria da lanbidez (Historia Garaikidean Masterra) eta errepresio frankistari buruzko ikerketak egin dauz Busturialdean. Udal alorrean ibilbide zabala dauka jada: 2015-2019 artean Obra eta Zerbitzuetako zinegotzia izan zen eta 2019tik herriko Alkatea da.
“Asko egin dogu, baina oraindik askoz gehiago dago egiteko” adierazi dau Magunazelaiak, herri biziago bat, zerbitzu hobeak eta gazteentzako aukera barriak eraikitzen jarraitzeko erronkari gogoz heltzen diola azpimarratuz.



