Gernikako Egurre Gazte Asanbladak mobilizazioekin jarraituko dau Udalaren hustearen aurrean

Gernikako Udalak abuztuaren 23rako Gaztetxetik kanpo egon behar ebiela jakinarazi eutsien Egurre Gazte Asanbladako gazteei; izan ere, liburutegi berriaren lanak egingo dabezan enpresa iristear zegoen eta. Hori dala eta, abuztuan zehar hainbat protesta egin dabez eta atzo bertan dozenaka gaztek enpresaren etorrera geldiarazi eben. Halere, Udalak posizio berdinean jarraitzen dau eta hustearen arriskuak hor jarraitzen dauenez gazteek argi adierazi dabe: proiektua bizirik dagoela bermatu arte ez dirala bertatik joango.

Azaldu dutenez ekainean legez kanpoko hustu-saiakera bat egin ondoren, Udalak berriro ere prozedura legalik gabeko bidea hartu dauela salatu dabe, eta gaineratu dabe prozesu hau irregularrasun handiz beteta dagoela. Beraz, azpimarratzen dabe horrek agerian uzten dauela instituzioek euren lege propioak ere ez dabezela errespetatzen beraien kontrolpetik kanpoko proiektuak erasotzeko.

Horrez gain, Gaztetxeak azken urte t’erdian herrirako egindako lana azpimarratu dau:

  • Politizazio eta eztabaida gunea: Mintegiak, hitzaldiak eta asanbladak.

  • Kultura alternatiboa: Kontzertuak, tailerrak, zineforuma, bertso eskola eta irakurketa taldea.

  • Euskararen sustapena: Euskararen Astea antolatuz eta Korrikara batuz.

  • Borroka sozialak: Guggenheimen zein faxismoaren aurkako, indarkeria matxistaren kontrako eta Palestinaren aldeko ekimenak.

Defentsa aktibatzeko eta borrokarako deia luzatu dautsie herri osoari datozen deialdietan parte hartzeko.