EHUN marka sortu dabe

EHUN Busturialdea-Urdaibaiko nekazaritza eta elikadura sektorearen marka eta identidade barria da. Sektoreko produktoreak, eragileak eta erakundeak batzen dituan sare kolektibo legez funtzionetan dauana. Helburua, eskualdeko produktuen iraunkortasuna eta merkaturatzea sustatzea da, baita lurraldearen kalidadea ikusarazo eta lehen sektorea indartzea be.

Busturialdea-Urdaibaik lehen sektorerako nortasun partekatu barria dau: EHUN. Apirilaren 29an aurkeztu eben BBK Kliman (Busturia) eskualdeko ekoizleen, eragileen eta erakundeen lana batu, ordezkatu eta proiektatzen dauan sare kolektibo legez sortutako markea.

Ekitaldian ondoko honeek parte hartu eben: Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Alkarteko gerenteak, Joseba Santorum Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuaren zuzendariak, Ager Lejarreta Urremendi Landa Garapen Alkarteko presidenteak, Andoni Agirrebeitia Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendariak, Garazi Llona Baserrik Gernikara alkarteko kideak, beste hainbat ordezkari instituzionalek eta baita sektoreko eragileek.

Ekitaldiak azken hilabeteetan jorratutako parte-hartze prozesu baten emoitza ezagutzera emoteko balio izan dau; halanda ze, sektorea bera izan da protagonistea. Beraz, EHUN – Bizitzaz josita ez da kanpotik etorritako proposamen moduan sortu, baizik eta barrutik eregitako nortasun baten adierazpena da, entzutean, hausnarketa partekatuan eta alkarlanean oinarritutakoa.

Partaidetzatik ehundutako proiektu kolektiboa

EHUN, batez be, proiektu kolektiboa da. Busturialdea-Urdaibaiko lehen sektorea eusten daben personen eguneroko lanari egindako autortzea hain zuzen be.

Aurkezpenean izaera partekatu hori jarri eben erdigunean, marka esku askoren artean eregitako prozesu baten emoitza dala nabarmenduz. Inkestek, lan-mahaiek eta alkarrizketa-guneek sektore anitz baten ekarpenak jasotea ahalbidetu dabe, errealidade anitz baina konektau bati erantzuten deutson nortasuna osotuz.

Aitziber Ansotegi Landa Garapen Alkarteko gerenteak ondokoa adierazo eban: EHUNen balioa, hain zuzen be, sektoretik bertatik sortu dala da. Ez da marka bat bakarrik; hobeto atontzeko, ikusgarritasuna irabazteko eta etorkizuneko erronkei modu bateratuan aurre egiteko aukerea emoten deuskun tresnea da.

Emoitza nortasuna da. Arabere gehiago, ez dau ikusgarritasuna bakarrik emoten, lurraldean lanean dabilzanen ahalegina, kalidadea eta konpromisoa aitortu eta balioan jarten ditu. Ildo horretan, antolakuntzatik eskerrak emon jaken prozesuan parte hartu daben persona eta erakunde guztiei, euren inplikazinoa, konpromisoa eta emonkortasuna nabarmenduz.

Era berean, ekitaldiak berbaldi laburra be hartu eban, erakundeetako eta sektoreko hainbat ordezkariren artean. Bertan, ondoko gai honeek jorratu ebezen:

  • EHUN egitasmoak eskualdean izango dauan papela.
  • Markearen oinarrian dagozan balioak.
  • Busturialdea-Urdaibaiko lehen sektorearen kohesinoa, belaunaldi arteko erreleboa, ikusgarritasuna eta etorkizuna indartzeko dauen gaitasunari buruzko gogoetak.

Sektore osoa batzen dauan eta zentzua emoten deutson markea

EHUN helburu argi bategaz sortu dabe. Busturialdea-Urdaibaiko lehen sektore osoa batu eta koherentzia emongo deutson aterki bihurtzea. Marka honen pean integretan dira eskualdeko nekazaritza-elikagaien ekosistemea osotzen daben jarduerak, ekimenak, produktuak eta eragileak. Produkzinotik eraldaketara, merkaturatzea eta sustapena barruan, EHUNek irudi bateratua eskaintzen dau sektorearen balioa modu sendoan aurkezteko aukerea emonez.

Aitziber Ansotegik ondokoa gaineratu dau: sektore estrategiko bati buruz gabilz; EHUN lako markei esker, euren posizinonamendua indartu, aukera barriak sortu eta eskualdeko ekonomiaren barruan daukan rola sendotu daikete.

EHUN etengabe eregiten dabilen sare bizia da, errealidade anitzak nortasun partekatu beraren pean lotzen dituana. Egitura malgua baina indartsua dauka, sektoreagaz batera egokitu eta hazteko gai dana.

EHUN martxan jarri ahal izateko lan asko egin da. Bestalde, daborduko martxan egoazen proiektuak batzen ditu, haren izaera eradaltzailea eta ekintza zehatzetara egiten dauen jauzia agirian ixten dabenak.

Horren adibide da Fruituola, martxan dagoan ekimen pilotua: eskualdeko jantoki kolektiboetara bideratutako bertoko sagar ekologikoa ekoitzen hasi da, hurreko elikadura-katea sendotzeko beharrari erantzunez. Bestetik, Jakigune, nekazaritza-elikaduraren arloko ekintzailetzarako partekatutako gune fisiko legez pentsaua, produkzinoa, eraldaketea, banaketea eta hazkuntzea buztartzeko aukerea emongo dau; holan, eragileen arteko sinergiak sustatu eta Busturialdea-Urdaibaiko sektorearen ehuna indartuko da.

Fruituola

Busturialdea-Urdaibain ez dago tokiko fruta-produkzino ekologiko egonkorrik, eskualdeko eskola-jantokiak hornidu ahal izateko. Halanda ze, behar horri erantzuteko, Fruituola jarri dabe martxan. Proiektuaren helburua fruta ekologikoa, hurrekoa eta kalidadezkoa produzidutea da, batez be, eskola-konsumorako pentsaua.

Proiektuaren lehen fasean, hiru sagar mueta (Topaz, Elstar eta Crimson Crisp), landatu ditue hiru lursailetan, bakotxa 2.000  m²-koa. Horreetako bi, partikularrek kudeatzen ditue; besteak, barriz, lankidetza-formatuan funtzionetan dau, Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Lurren Funtsak Urremendi Landa Garapenerako Alkarteari lagatako lurretan.

Ondoko honeek dira proiektuan parte-partzen duten nekazariak: Josu Uruburu, Ametz Garin, Iñigo Garin, Asier Urionabarrentxea eta Jon Bereziartua.

Aukeratutako sistemak laborantza intensiboa, eraginkorra eta eskulanaren premia txikiagoakoak ahalbidetzen dabe. Prozesu osoan Aitor Etxeandia adituaren laguntza teknikoa izan dabe.

Jakigune

Nekazaritzako elikagaien sektoreak Busturialdea-Urdaibain dauan eukiezetako bat elikaduraren inguruan produziduten, eraldatzen, banatzen eta hazten dabenek bat egiten daben espazio fisikorik eza da. Gaur egun, ekimen askok modu isolatuan jarduten dabe, lankidetzea, baliabideen aprobetxamendua eta ehun sendo eta koordinau bat sortzea zalduz.

Jakigune behar horri erantzuteko sortu da: nekazaritzako elikagaien ekintzailetzarako espazio partekatu bat, lurraldeak eta lurraldearentzako bultzatua, modu integratuagoan, efizienteagoan eta ikusgarriagoan lan egitea ahalbidetuko dauena.

Baserritik Gernikara ekimenak bultzatu dau proiektua, Urremendi eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbeagaz batera, eta Daniel eta Nina Carasso Fundazinoak hautatu dabe, De la despensa a la mesa deialdiaren barruan.

Hub bezela funtzionetan dau, nekazaritzako elikagaien ekintzailetza jarduera ekonomikoagaz, elikadura hezkuntzeagaz, produktuen eraldaketeagaz eta sektorearen dinamizazinoagaz integrauko dauana.

Jakigune espazioak funtsezko pieza izan gura dau Busturialdea-Urdaibain elikadura-sistema justuago, bertokoago eta egituratuago baterako.

Lurraldea egiteko eta bizitzeko modua definiduten daben balioak

Marka barria Busturialdea-Urdaibaiko lehen sektorearen esentzia definiduten daben balio moltso batean oinarritzen da. Horreen artean nabarmentzen dira jasangarritasuna, lurraldearen sustraitzea, hurreratasuna eta kalidadea; elementu horreek produktuak bereizteaz gain, lan egiteko eta inguruneagaz hartu-emonak izateko modua be nabarmentzen dabe.

EHUNek, holan, produkzinoa ulertzeko modu bat jasoten dau, ikuspegi ekonomikotik harago doana, eta dimensino sozialak, kulturalak eta ingurumenekoak hartzen dituana. Egiteko modu bat da, jagon, eutsi eta lurraldea eregiten dauana, ekitaldian aurkeztutako ikus-entzunezko narrazinoan islatu zan moduan.

Urdaibaiko Biosfera Erreserba lako gune batean, lehen sektoreak funtsezko eginkizuna dau paisajearen, biodibersidadearen eta oreka naturalen konserbazinoan. EHUNek funtzino hori balioan jarriko dau eta gizarterantz proiektatzen lagunduko deusku, adierazo eban Joseba Santorumek, Biosfera Erreserbako Zerbitzuko zuzendariak.

Aurrerapausoa sektorea indartzeko eta etorkizuneko proiekzinoa sendotzeko

EHUN martxan jarteak urrats estrategikoa dakar Busturialdea-Urdaibaiko lehen sektorearen ikusgarritasuna, posizinonamendua eta kohesinoa indartzeko.

Hemendik aurrera, marka baliabidea izango da ekimen barriak bultzatzeko, profesional gehiago erakartzeko eta sektorea sostengatzen dauan sarea bizibarritzen jarraitzeko. Halanda ze, helburua argia da: eredu sendoago, aitortuago eta konektauago baterantz aurrera egitea, egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango dana.

Kontuak kontu, EHUN ez da, beraz, helmugea, abiapuntua baizik. Etorkizuna ehuntzen jarraitzeko oinarri komun bat, sektorea indartuz eta eskualdeko herritarrei kalidadezko produktuak, hurrekoak eta lurraldeari loturak eskainiko deutsazana.