Alex Sardui eta Haimar Arejita
GATIBU
Euskal rockaren historian kapitulu garrantzitsua idatzi dau Gatibuk. 25 urteko ibilbide oparoaren ostean, taldeak agur esateko erabakia hartu dau, baina euren musika eta arrastoa ez dira hor amaituko. Energiaz, konpromisoz eta edertasunaren bilaketaz betetako ibilbidea izan da, eta azken kontzertuetan momentu ahaztezinak bizitzeko prest dagoz. Horreen artean, herrian eskainiko daben azkenengo kontzertua.
25 urteko ibilbidearen ostean, albo batera egitea erabaki dozue. Zelango gorpuzkereagaz geratu zarie?
Emozino desberdinen arteko jaia sentitzen dogula esan geinke. Pena apur bat emon leikean arren, taldea ondo dagoenean agur esateak zentzua daukala begitantzen jaku. Sentitzen gendun erabakia hartzeko momentua heldu zala, eta uste horri jarraituz egin dogu hautua.
Azkenengo txanpan sartu gara, eta geratzen jakun tartean eginbeharrekoak ahalik eta zehaztasun handienagaz eta, batez be, ahalik eta ondoen egiten saiatzen gabilz. Garrantzi handikoak direnak eta guretzako bereziak diren hainbat kontzertu eskainiko doguz urte amaierara bitartean, eta horreetan gozatzeko lanetan gabilz. Ez dogu lan egitea ez dan modu baten sinisten.
Kontzertu bereziak izango direla aitatu dozue. Zer transmitidu gura dozue horreetan?
Edertasuna lortzea da gure helburu nagusia. Publikoagaz konexino berezia sortzen danean sentitzen dogu guk edertasuna, eta nahi horren atzean ibiliko gara han eta hemen emongo doguzan kontzertu guztietan. Oraindino ez daukagu oso argi zer eskainiko dogun, eta zelan eraikiko doguzan emonaldiak. Zehaztapen horreek lantzean datza gure lanak orain. Orain arte iragarri doguzan kontzertu handiez gain, beste batzuk be eskainiko doguzala aurreratzen dogu.
Zenbat kontzertu eskaini dozuez 25 urte honeetan zehar?
Zenbatuta ez baditugu be, 1000 kontzerturen inguruan ibiliko gintxekezala esango genduke.
Geratzen zarie batan bategaz?
Bidai luze honetan zehar, kontzertu asko izan dira bereziak. Eszenatoki ganera horrenbestetan igoten zarenean, oso gatxa izaten da bategaz geratzea. Pentsaizu, batzuk ahaztuta eta be badaukaguz. Dana dala, gure artean sortutako konexino berezia sentidu izanagatik, hirugarren diskoaren aurkezpen saioan Durangoko Plateruenan eskaini gendun haregaz geratu gaitekez. Hirugarren lan hori apostu bat izan zan, eta eszenatoki ganean hegaz egin genduala sentitzen dogu. Plateruenako eskaileretan barrena airean ibili ginen, eta 25 urteren ostean, momentu horreixekaz geratzen zara.
Aukeraketak egiten hasita, 2003ko martxoan Bilboko Kafe Antzokian eskaini gendun gure lehenengo kontzertua be ikaragarria izan zan.
Alex Exkixu taldetik etorren abeslaria zan. Gatiburen hasiera sasoian Exkixuren influentziak egoazala esango zendukie?
Ezetz esango geunke. Lotura bat bilatzearren, rock-a izan leike biak batzen dauazan puntua, baina antzekotasunen aldetik ez doguz sumatzen. Hasiera-hasieratik hasi ginen gure estilo propioaren bilaketa prozesu horretan, eta behin gure lan egiteko erak zehaztuta, taldeak bere nortasun propioa hartu ebala esango geunke.
Begirada hasierara botata, zelan gogoratzen dozuez lehenengo urteak?
Bufff, batez bee lan askoko urteak izan zirela esango geunke. Bakotxak bere lanbide propioa eukan, eta entseguak egiteko denpora harrien azpitik atara behar izaten gendun. Gabetan batzen ginen, eta eguneko nekearen ostean, geratzen jakun energiagaz egiten geuntsen aurre gaba hareei. Batez be, lehenengo urte biak izan ziren gogorrenak. Bilbora joaten ginen entseiatzera, eta goizaldeko ordu biak arte geratzen ginen astean birritan. Halanda be, proiektuan sinisten gendun, eta ez jakun larregi kostetan.
Prekariedade egoera haretatik, musikaz bizitzeko aukera izatera pasa zinien. Halandaze, hori lortu daben euskal talde apurrenetarikoak zarie. Zelan ikusten dozue industriaren egoera?
Musikaz bizitzeko irabazitako pribilegioa izan badogu be, gure taldea ez da panazea bat izan; gu langileak gara. Gaur egun Euskal Herrian musikatik bizitzea prekariedadean bizitzea da. Ez dago gehiagorik.
Apostu handia dala sentitzen dogu. Dana dala, egin beharreko apostu bat dala uste dogu. Zelan edo halan bada be, merezi dau euskal talde bat honetatik bizitzeak, baina gogorra da. Euskal Herria oso txikia da, eta bere kultura Durangoko Azokan kabitzen da. Ez dira behar besteko baliabideak jarten, eta ez gabilz bakarrik erakunde publikoei zuzentzen. Entzuleok be ez dogu behar beste konsumiduten, eta prekariedadea da euskal industrian agintzen dauana.
Euskal Herriko ia plaza guztiak bete dozuez. Zein momentutan sentitzen dozue emon zenduela pauso hori?
Kaleratutako diskoen erreferentzia hartuta, hirugarren lanagaz emon gendun aurrerapauso hori. Lehenengo lana sorpresa bat legez jaso zan, bigarrenak egonkortzeko balio izan euskun, eta hirugarrenagaz jo gendun goia.
Bigarren eta hirugarren lanen artean hausnarketarako hainbat eztabaida izan genduzan. Lan horregaz asmatu egin behar gendula sentitzen gendun, eta danon aholkuak batuta, eta talde lanari esker, lan ederra atara gendula sentitu gendun. Egia da lehenengo diskotik beteten genduzala plaza asko, baina hirugarrenak emon euskun indar berezia.
Gaztetxe edo plaza txikietan jotzetik, BEC betetera pasau zarie. Zelangoa izan da prozesua eszenatoki gainekoari jagokonez?
Erabaki hau apostua da. Orain dala bost urte Euskal Herrian bizi izan zan testuingurua aztertuta, konturatzen zara ia inork ez dauala BEC edo Miribilla beteten. Egoera ikusita, talde batzuk eszenatoki horreen aldeko apostua egitea erabaki gendun, eta ikusi da horreek beteteko gaitasuna be badaukagula. Pausu egokiak emon dira, eta gaur egun ia normaltzat joten dogu BEC betetea. Euskaraz abesten daben taldeek horrelako plazak betetea garaipen itzela da.
Zeinetan sentitzen zarie gustorago? Plaza txikietan, edo testuinguru zabaletan?
BEC lako plazetan artistok ez gara bereziki gustora sentitzen. Publikoanganako loturea ez da zuzenena, eta alde horretatik gaztetxeen tankerako plazek xarma berezia daukie. Arpegira begira abesten da, eta goxoagoa izaten da giroa. Artista gehienok areto txiki edo ertainetan sentitzen gara gustoren.
Udara begira, joko dozue areto txiki edo ertainetan?
Gehien bat plaza handietan izango bagara be, eskainiko dogu zerbait areto txikiren baten. Oraindino zehazteke badaukagu be, gogoz gagoz. Mila lagunentzako aretoak izaten dira benetan beroak.
Aldarrikapen mezuak zabaldu dozuezan taldea zarie. Zergatik hautu hori?
Maitasunez ondo-ondo idazten ez dakigunez, alde horretara jo izan dogu. Bromak aparte, 25 urteko ibilbidea egin dogunok 80. eta 90. hamarkada bizitakoak gara. Euskal Herriko mobimentu politikoak barru-barrutik bizi izan doguz, eta ez dogu jokatzeko beste erarik ulertzen. Modu horretara, konpromisoa erakutsi izan dogu, eta musikaren bozgorailua erabili dogu aldarrikapenak egiteko. Horretan sinistu dogu, eta harro gagoz.
Dana dala, badira Alexen adierazpenen harira, taldearen inguruko sentsazino gazi-gozo bategaz geratu direnak be. Zer esango zeusnkie horren harira?
Gu ezagutu gaituenek, eta gugaz lan egin dabenek badakie bardintasunaren alde egin dogula lan. Gure taldearen parte izan dira emakumezko asko, eta ondo baino hobeto dakie zeintzuk izan diren taldearen balio eta konpromisoak. Urteetan egindako lana ezin daiteke esaldi bategaz laburtu. Ez deutso errealidadeari justiziarik egiten.
10 urte barru, zelan nahiko zendukie gogoratzea Gatibu?
Euskal Herriko adibide bat jartzearren, Itoitz taldeak itxitako arrastoaren antzekoa ixtea gustatuko litxakigu. Erreferente musikal ika-ragarria da guretzat, eta urte batzuk pasata zelan gogoratzen dogun be harrigarria da. Hori lortu ezkero, oso pozik geratuko gintxa-kez egindakoagaz.
Amaitzeko, ekainaren 7rako iragarri dozue “Azken Zoramena” kontzertua zeuon herrian Haziberrigaz batera. Zer espero dozue?
Musikalki sortu gaituan herriari agur esatea beti da berezia. Gernikak asko emon deusku, eta ekainaren 7ko kontzertua hunkigarria izango da. Emonaldi horretan gure sustraietara bueltau gura dogu; horregaitik jarri deutsagu izen hori, “Zoramena” geure lehenengo diskoari egiten deutsolako erreferentzia. Errepertorio berezia izango dau kontzertuak, BECeko kontzertuekin konparauta. Ganera, jaia arratsaldetik hastea gura dugu, eta laster plazaratuko du Haziberrik kartel osoa.
Astran ordez, San Kristobaleko aparkalekura
Badoaku Gatibu. Herriko taldeek agur esateko erabaki irmoa hartu dau. Eta ez dago atzera bueltarik. Atzera buelta, baino, atzerako kontua da orain protagonista. Hain zuzen be, ekainaren 7ra arteko atzera kontua.
Igazko abenduaren 18an iragarri eben legez, Astrako aparkalekua hautatu eben herria eta herritarrak agurtzeko. Baina sarrera guztiak agortuta, eta eskaera zoroa ikusita, lekuz aldatu eta espazio zabalagoa dan San Kristobaleko aparkalekura mobitzeko erabakia hartu dabe. Bertan, 9.000-10.000 lagunentzako tokia dago.
Azaldu dabenez, erabakiaren arrazoia izan da “jente gehiago sartungo dala, ikusleak erosoagoa sentiduko direla, eta lan egiteko errezagoa izango dala”. Publiko moduan “askoz gehiago” disfrutauko dabela uste dabe taldekideek, eta gainera, “leku seguroagoa” dala adierazo dabe.
Kontzertu hori benetan berezia izatea espero dabe. Gernika-Lumok “asko emon eta zabaltzen lagundu” deutsela onartu dabe, eta emondako guztia eskertu nahi dabe ekainaren 7an. Hain zuzen be, Gatibuk euskeraz baino, gernikeraz abesten dauala aldarrikatu izan dabe beti, eta kontzertu hori herriko euskerea balioan jarteko be izango dala dinoe.
Talde protagonistaz ganera, beste bi talde be igoko dira eszenatokira. Horrez gain, esperientzia ahalik eta osatuena izan dadin, bazkaltzeko eta edateko aukerea be eskainiko dabe antolatzaileek. Bertako produktuetan bakarrik oinarritutako eskaintza egongo dala aurreratu dabe. Ganera, sarrera gehiago salgai dagoz daborduko, www.haziberri.eus webgunean eta Gernika-Lumoko turismo bulegoan





