Ereñoko Udalak udako udalekuak antolatu ditu 4 eta 14 urte bitarteko gazteentzat

Ereñoko Udalak, aurten be udako oporrei begira, “Udalekuak Herrian” ekimena ipiniko dau martxan 4 urtetik 14 urtera bitarteko gaztetxoentzat.

Asmoa uztailaren 6tik uztailaren 17ra arte ekintza desberdinak egitea da, goizeko 9:30etatik 13:30etara. Izena emoteko azken eguna maiatzaren 15a izango da, eta interesa daukaten gurasoek udaletxera deitu beharko dabe. Leku mugatuak egongo direnez, ume askok izena emoten badabe, lehentasuna herrian erroldatuta dagozan umeek izango dabe. Erroldatu gabeen artean, beste urte batzuetan Ereñoko udalekuetan ibilitakoei emongo jake lehentasuna, eta azkenik, herrian familia edo sustraiak dituenei.

Prezioei dagokienez, erroldatuta dagozanen artean lehenengo seme-alabak 70 euro ordainduko ditu, bigarrenak 50 euro eta hirugarrenak 25 euro; erroldatu gabeen kasuan, ostera, lehenengoak 105 euro ordainduko ditu, bigarrenak 80 euro eta hirugarrenak 50 euro.